OCT. 04 2024 Faroe uharteak, espiritu independentea Ipar itsasoaren erdian, Islandia eta Norvegia artean eta Eskoziatik ere hurbil, hizkuntza, nortasun eta kultura bereziko herrialde bat dago. Danimarkaren mende ofizialki, baina independente bizitzera ohitutako 50.000 biztanlerekin, hiriburu txiki bat, are herrixka txikiagoak eta mendiz, fiordoz eta ur-jauzi ikusgarriz betetako artxipelagoa dira Faroe uharteak. Urtzi URRUTIKOETXEA (Argazkiak: U.U, Getty Images eta Faroetako Turismoa) Hegazkinak hodeien artetik behera egin eta itsasoa azpian ikusi nuenean, aulki egokia aukeratu nuela ohartu nintzen. Uhartediaren gainetik igaro zen lehendabizi, kostaldean biratu eta segidan Vagarren lur hartzeko bideratu zuen pilotuak aparatua. Hala, Faroe uharteetako leku ikusgarrienetako bat airetik ikusteko parada neukan: Sørvágsvatn aintzira, itsasoaren mailatik 142 metrora dagoen Trælanípa labarren gaineko zelaian. Hala, ozeanoaren gainean flotatzen ari dela dirudi, amaieran Bøsdalafossur ur-jauzia Atlantikoraino jausten den bitartean. Hantxe neukan, hainbat postal eta Interneteko argazkitako irudia parez pare. Egun grisak laguntzen zuen ia beti txarto irteten den hegazkineko leihoko argazkia egiten ez saiatzen; bikain ikus nezakeen eta neure begietarako gorde ikuskizuna. Ia lurreratzen ari ginela, gainera, segundo gutxi baino ez ziren, berehala labarraren eta aintziraren gainetik igaro eta aireportuko pistan ginen. Uní adiskidea daukat zain aireportuan bertan; badaki ez natorrela egun askorako, eta ahalik probetxu handiena ateratzeko moduko ibilbidea prestatu dit, herrialdeko zenbait pertsonaia esanguratsurekin egoteko aukeraz gain. Izan ere, 50.000 biztanleko herrialde honen berezitasuna da gutxi-asko ia guztiek elkar ezagutzen dutela. Lehen ministroa edota herrialdeko musikari ezagunena kafetegian aldamenean eserita egon litezke. Ekialdera Torshávn hiribururantz abiatu aurretik, beste alderantz hartu dugu aireportuko irteeran, Sørvágsfjørður-aren iparraldeko ertzetik. Bour herrixkak belarrezko teilatudun etxeak, eliza dotorea, arrantzaleen txalupa eta aparejuen gordelekuak eta fiordoaren ikuspegi ezin hobea ditu. Parean, fiordoaren amaieran, Dranganir itsas harkaitza arku eta guzti, Tindhólmur irla eta, are handiago Mykines uhartea ageri dira. Faroeetan mendebalderen dagoen irla da, eta hamaika biztanle baino ez izan arren, lanperna-musu hegaztiak bisitatzeko lekurik bikainenetakoa da, horretarako antolatutako txangoren batean. Behin hemen, beste hamasei ditugu ekialdera zein hegoaldera eginez. Aurretik, are gehiago urrunduz goaz, tunelak Gásadalur-era hurbildu eta itsasoraino amiltzen den Múlafossur ur-jauzi ikusgarria erakusten digun arte. Faroeetako ur-jauzirik bisitatuenetakoa da, batetik erabat irudi zoragarria osatzen duelako Gásadalur herria eta Árnafjall mendia (722 metro, Vágar uharteko handiena) atzean dituela, eta bestetik, gaur egun erraz samarra baita bertara iristea. Ez da beti horrela izan horratik, eta egun dozena bat biztanle dituen herrixka ia hutsik geratzeko zorian egon zen duela ez asko arte, mendien artean eta labarretik hur, gainerako lekuetatik guztiz apartean bizi baitzen. 2006an, baina, Eysturtindur mendiaren azpiko tunela eraiki zuten. Uharteetako beste asko bezala, errei bakarrekoa da, eta ehun metrorik behin bazterrera egiteko leku bat dauka. ARDIAK ETA TUNELAK Faroeetan bidaiatzea errei bakarreko bidean lasai joatea da, bihurgunez bihurgune, itsasertzetik zein mendian gora eta behera, abelgorri iletsuak zelaian eta artaldea edozein unetan errepidean agertuko dela jakitun. Hemezortzi uharteetako gehienetara erraz asko irits daiteke gaur egun, txalupa edo ontzirik gabe; zubi eta tunelek faroetarren batasun handiagoa ekarri dute. Suðuroy geratzen da aparteen, hegoaldera, ferrya hartu behar dela. Bertako faroerak ba omen du alderik ere gainerakoen hizkeratik. Baina osterantzean, uharte nagusiak elkarri lotuta daude. Hala, aireportua dagoen Vágar irlatik ordubete baino gutxiagora geratzen da Tórshavn hiriburua. Bertara iristeko, uharteotako komunikazioa nabarmen erraztu duten beste ingeniaritza lan batzuetatik pasatu gara. Itsaspeko lau tunel dituzte, horietako batek, hiriburutik irteeran dagoen Eysturoytunnil-ek, hamaika kilometro luze izateaz gain munduko itsaspeko lehen biribilgunea dauka. Hori aski ez, eta tunelotako hormetan argiz eta margoz egindako artelanak daude, Faroeetako folklorea eta mitologia irudikatuz. Orain artean ferryz lotuta zegoen Sandoy irlaraino ere tunela ireki dute aurtengo urtarrilean, artxipelagoa ia erabat lotuz. Bere nortasuna eta izaera zorrotz mantentzen dituen nazioa da Faroe. Ez da estatu independentea («oraindik» dioskute bertakoek), Danimarkaren menpe baitago, oso autonomia zabal batekin: lurraldea ez da Europar Batasuneko kide, nahiz eta faroetarrak, danimarkar herritar izanik, badiren EBko herritar. Faroera ere indartsu biziberritzeko gai izan dira; egun, islandieratik hurbilen dagoen eskandinaviar hizkuntza da, iparreko auzoak baino sei aldiz hiztun gutxiago izan arren. Gauza askotan dute eredu Islandia, izan ere. II. Mundu Gerraren ostean haiek bezala saiatu ziren Danimarkatik independente bihurtzen, baina erreferendum bat egin eta hura ozta-ozta irabazi arren, Kopenhageren menpe jarraitu zuten. AUZOLANA Islandiako turismo-ereduaren antzekoa ere badute Faroeetan, baina dena eskala txikiagoan: 100.000 bisitari inguru dituzte urtean, biztanleak halako bi, alegia, eta zenbait egunez, artxipelagoa “itxi” egiten dute, “konponketa lanetarako”. Auzolanean lan egiteko izena eman duten boluntario-kopuru bat baino ezin da etorri. Erabateko arrakasta izan duen programa da. Hegaldi gutxi ditu, urrun samar dago, baina hori bera da bidaiari askok nahi duena gaur egun. Tórshavn hiriburua hiri atsegina da, oinez ibiltzeko modukoa, ondare bikingotik alde zaharreko txokoak bisitatzera. Baina Faroeetara datozen gehienak naturak erakarrita iristen dira. Ez da ahaztu behar natura basatiaren itxura izanda ere, gune gehienek badutela jabea, eta beste leku batzuetan mendiko botak jantzi eta besterik gabe egingo genukeen ibilbidea egiteko sarritan ordaindu egin behar dela, bidea igarotzen deneko jabearen arabera. «ESKLABOEN LABAR» Hegazkinetik ikusitako Sørvágsvatn aintziraren ibilbidea da ezagunenetako bat, eta ordainlekua argien markatuta daukana. Trælanípa labarren gaineko zelaian joan-etorria ordubete ingurukoa dela dio bertako gidariak, gehiegi geratu garela; lekuaren ederrak txundituta, luzeago jo digu. Trælanípak «esklaboen labar» esan nahi du. Ustez, bikingoen garaian hartu zuen izena, esklabo zaharrak eta gaixoak amildegian behera botatzen zituztelako. Eguraldia lagun, Streymoy, Hestur, Koltur, Sandoy, Skúvoy eta Suðuroy uhartearen hegoalderaino zabaltzen da ikuspegia. Aintzira, batean, eta itsasoa, bestean, behean (ondo markatuta dago, baina kontuz ibili behar da!), Atlantikoraino amiltzen den Bøsdalafossur ur-jauziraino segi liteke. Torshavn Stremoy uhartearen hegoaldean dago. Iparraldean Tjørnuvík herrixka berezia dago, harea beltzeko hondartza zabal batekin Risin og Kellingin (Erraldoia eta sorgina) itsas harkaitzen parean. Berez, Eysturoy uhartearen parean zutitzen dira harkaitzak. Zorionez, pixka bat hegoalderaxeago dago Eysturoyra doan zubia. Hiriburutik herrixkara, uhartea puntarik punta igarota, ordubeteko bidea da. Baina bidean, gutxienez Fossa ur-jauzien jauziak ikusteko geratuko gara. Zenbait egun hartuta ere, egon ziur ezagutu nahi eta ezingo dugun lekuren bat ere geratuko zaigula, hurrengo bisita baterako aitzakia gisa ez bada ere.