NOV. 01 2024 Pushkar ka Mela, Indiako gamelu azokarik handiena Pushkar ka Mela. Indiako gamelu azokarik handiena da. Pushkarren (Rajastan) ospatzen da urtero, 200.000 lagunetik gora bilduz. Bost egun irauten du, azaroko ilargi betearen egunetik (Kartik Purnima egutegi hinduan) abiatuta. Aurten azaroaren 9 eta 15 artean izango da. Zalantzarik gabe, gamelua da azokako protagonista. (Getty Images) Eli Txapartegi Pushkarreko lakuaren ertzak jendetza hartzen hasten dira azoka hasi aurretik. Izan ere, basamortuko nomadentzat eta urrutiko komunitateetan ehunka kilometrora bizi diren gamelu hazle askorentzat azoka hau da urteko aukera bakarra beren bizimoduari eusteko behar adina diru-sarrera lortzeko. Gehienek aintziraren inguruan kanpatzen dute familiekin batera. Beste batzuek, berriz, basamortuko dunak okupatzen dituzte. Jendetza erakartzen du urtero jaialdiak. (Getty Images) Haurrek ere badute non gozatu. (Getty Images) Gameluak bereziki apaintzen dituzte egun horietan. (Getty Images) Jakina, zaldi eta dromedario ugari daude nonahi, asko eta asko egun horietarako propio apainduta oihal deigarri, bitxi distiratsu, urre koloreko besoko eta artilezko bolazko lepoko handiekin. Alabaina, ez dira animalia bakarrak, mota guztietako abereak baitaude han-hemenka jende artean sakabanatuta: behiak, ardiak, ahuntzak... Azoka ezagutzen dutenak arazorik gabe moldatzen dira, ohituta daudelako, baina lehen aldiz joaten denak ikasi beharko du ustekabeko “sorpresak” garaiz eta egoki saihesten. Gamelu zantzaileak ere beharrrezkoak izaten dira. (Getty Images) Kanpin-dendak erabiltzen dituzte kanpotar gehienek. (Getty Images) Koloreak, espezieen usain intentsoa, etengabeko zarata, kea, beroa... Pushkar irakiten egoten da egun horietan. Sortzen den zalaparta jasanezina da batzuetan. Eta asko lakuko ur sakratuetan bainatzen dira, kondaira batez inguraturik dagoen lakuan: Pushkar jaio zen Brahma jainko sortzaileak bere loto-lorea (pushpa) Thar basamortuko lur idorretara bota zuenean; horren petalo handienetik ur urdineko aintzira handi bat sortu zen eta, ondoren, bertan jainko hindu guztiak elkartu ziren. Hori dela-eta, merkatari, turista eta basamortutik etorritakoei egun hauetan ehunka erromes hinduista batzen zaizkie, garbiketa-erritua betetzera Pushkarrera propio hurbiltzen direnak. Helduek ongi dakite zein garrrantzitsua den azokan parte hartzea. (Getty Images) Sadhuentzat ere hitzordu berezia izaten da Pushkar ka Mela. (Getty Images) Postuak ere nonahi daude azokan. (Getty Images) Jakina, negozioetan aritzen direnak, salgaien salerosketan ibiltzen direnak, gizonezkoak dira; emakumezkoak, berriz, kozinatzen aritzen dira edo azokako postuak bisitatzen. Denetarik dago: dir-dir egiten duten bitxiak, brodatuak, mota eta kolore askotako ehunak, garestiak zein merkeak... Ganadu enkanteetan antzinako kantuak entzuten dira. Batez ere, Gujarat, Rajastan eta Madhya Pradesh estatuetatik etorritakoek erosten dituzte gameluak, etxaldeetan edo garraio gisa erabiltzeko. Parte-hartzaile batzuk gamelu gainean hurbiltzen dira azokara. (Getty Images) Animaliak, jendea, kanpin-dendak, salmahaiak, gurdiak... dena nahastuta egoten da azokan. (Getty Images) Noriak ere egoten dira. (Getty Images) Festa, berez, gamelu-lasterketa tradizionalarekin abiatzen da. Bisitariek gehien espero duten uneetakoa bada ere, azokak irauten duen egunetan zehar lehiaketa bitxi samarrak egiten dira, gero eta gehiago, gainera; adibidez, matka phod bibote luzeenaren norgehiagoka).