DEC. 06 2024 ‘Forever is Now’, arte iragankor eta betierekoaren sinbiosi erraldoia Gizan ‘Forever is Now’. Egipton urtero egiten den arte garaikideko erakusketa ikusgarriaren izena da. Hitzordua deigarria izaten da, bai nazioarte mailako zenbait artistak propio diseinatzen dituzten artelan erraldoiengatik, bai aukeratutako eszenatokiagatik: Gizako piramideen aurrean, basamortuan. ‘The Race'’ eskultura, Khaled Zaki artistarena. (SAYEDHASSAN | GETTY IMAGES) Eli Txapartegi (Getty Images) Eskala handiko eskulturen eta instalazioen bidez, geometria sakratua, teknologia eta memoria gaiak aztertzen dituzten artistak biltzen ditu topaketak. Basamortuko paisaia espazio artistiko bitxi bihurtzen da jaialdiak iraun bitartean. Helburua da artea historiaren eta orainaren arteko zubi bilakatzea. Eta horixe egin dute, hain zuzen ere, berriki gauzatutako laugarren edizioan parte hartu duten artistek. Guztira, dozena bat izan dira antzinako historia, arkeologia eta arte garaikidearen arteko solasaldia pieza banatan irudikatu dituztenak. Izan ere, horixe da, azken finean, jaialdia: denbora eta muga kulturalak gainditzen dituen elkarrizketa kolektiboa». Jean-Marie Appriou artistaren ‘Vessel of Time’ artelana. (SAYEDHASSAN | GETTY IMAGES) ‘The Exodus’, Xavier Mascaro artistarena. (SAYEDHASSAN | GETTY IMAGES) Eszenatokiaren kokapenaren hautaketak ere merezi du, antolatzaileen ustetan, azalpen labur bezain esanguratsua: milaka urtez boterearen eta mistizismoaren ikur izan dira Gizako piramideak. Egia esan, basamortuko parajean pare bat astez ikusgai egoten diren instalazioek ezohiko dimentsioa hartzen dute, denboraren joanari eutsi dioten egitura erraldoiekin elkarreragiten dutelako. Izan ere, arte iragankor eta betierekoaren sinbiosia da erakusketa. Jake Michael Singer artistaren ‘We Will Meet Again in the Sky’. (SAYEDHASSAN | GETTY IMAGES) ‘Monochrome RGB’, Luca Boffi-rena. (SAYEDHASSAN | GETTY IMAGES) ‘I Love’, Marie Khouri artistarena. (SAYEDHASSAN | GETTY IMAGES) Horregatik, denboraren garrantziari, ondare historikoaren iraupenari eta artearen interpretazio berriei buruzko hausnarketa berri bat proposatzen dute antolatzaileek urtero erakusketaren bidez. AURTENGO EDIZIOA Lehen aldiz, Adimen Artifiziala presente izan da erakusketan bi proiekturekin. Lehenengoa diziplina anitzeko Hassan Ragab diseinatzailearen lana izan da, teknologia eta arte tradizionala uztartzen dituena. Bigarrena, berriz, Daniah Al Saleh artista saudiarabiarraren bideo-egitasmo bat izan da. 10 minutuan, Egiptoko zinemaren urrezko aroa (1940-1960 hamarkada) errepasatzen du, film horiek Ekialde Hurbileko gizarteetan nola eragin zuten aztertuz, modaren eta maitasunaren inguruko arauei modu sotilean aurre egin baitzieten. Ik-Joong Kang-ek egindako ‘Four Temples’. (SAYEDHASSAN | GETTY IMAGES) ‘The Desert Waves’, Jean Boghossian artistarena. (SAYEDHASSAN | GETTY IMAGES) Honako hauek dira, besteak beste, gainerako artista parte-hartzaileak: Chris Levine (Erresuma Batua), geometria sakratuan eta proportzio astronomikoetan oinarritutako instalazio batekin; Federica Di Carlo (Italia), naturarekin eta kosmosarekin lotura sakona duen artelanarekin; Ik-Joong Kang (Hego Korea), bere mosaiko korapilatsuengatik ezaguna dena (milaka mihise txiki biltzen ditu, eta bakoitzak istorio edo oroitzapen bat irudikatzen du); Jake Michael Singer (Hegoafrika), eskala handiko instalazioak sortzen dituena paisaia naturalen eta hiri-inguruneen arteko tentsioa ardatz hartuta; Jean Boghossian (Belgika/Libano), suaren artearen maisu; Jean-Marie Appriou (Estatu frantsesa), mitologia eta kezka garaikideak uztartzen dituzten eskultura onirikoengatik famatua; eta Khaled Zaki (Egipto), bere lanetan antzinako Egiptoren formak abstrakzio modernoarekin fusionatzen dituena. Aurtengo artista taldea honako beste gonbidatu hauekin osatu da: Luca Boffi (Italia), Marie Khouri (Kanada/Libano), Shilo Shiv Suleman (India), Studio INI-Nassia Inglessis (Grezia) eta Xavier Mascaro (Latinoamerika).