Cajun eskualdea, nortasun berezia Louisianan
Louisianako hego-mendebaldearen izen ofiziala Acadiana da. Ezagunago da “Cajun country” edo “Cajun herrialdea” deitzea, Louisianan eta AEBetako leku askotan ezaguna den ondarea gogorarazten baitu. Sukaldaritza, musika, paisaia... hori eta askoz gehiago biltzen du cajun hitzak.
Eskualdeko ondareak ezinbestean paduren irudia dakar gogora, zydeco musika, tradizio gastronomiko ezin aberatsagoa. Baina horren guztiaren oinarrian Mississippi ibaiaren mendebaldeko inguruan egokitzen eta bertakotzen jakin duen komunitate berezi bat dago. Hiru orduko bidaian abiatu ginen Lafayette-ko parrokiara.
New Orleansetik abiatu daiteke, baina baita Baton Rouge Louisianako hiriburutik ere (edo, mendebaldetik, Texastik etor daiteke, Houstondik zehazki. Estatu Batuetan estatuen azpitik dauden eskualde administratiboak konderriak dira (county). Salbuespena Louisiana da: hemen parish edo parrokiatan banatzen da, eskualdea Espainia eta Frantzia estatu katolikoen menpe egon zelako.
Acadianak hiru milioi bisitari izan ohi ditu urtero; atzerritarren talde handiena Kanadatik dator. Izan ere, cajun hitza Acadian-en ingelesezko moldaketa da. Acadia hura gaur egun ere Kanadako ekialdeko eskualde bat da. XVIII. mendera arte frantses katolikoak ziren europar jatorriko biztanle gehienak, harik eta britainiarrek eskualdea bereganatu eta acadien haiek kanporatu zituzten arte.
Le Grande Dérangement izena eman zioten, asaldura handia edo, zuzenago, akadiarren kanporatzea izan zen. Frantzia mendebaldean (Poitoun eta Normandian batez ere) jatorria zuten frantses haietako askok hegoalderantz jo zuten, eta Louisianako bayou-etan amaitu zuten. Louisianako eskualde lauan, Mississippitik hur eratutako edozein ur-geografia izan liteke bayou: aintzira bat, errekastoa, hezegunea, padura... Gehienetan ura eta ertza ondo definitu gabeko muga anfibio bat da.
Eskualdearen geografia bereziaren antzekoa da bertako sukaldaritza. Gumbo da gastronomia kreolearen erreferentziazko platera Estatu Batuetan, Louisianan bertan ez eze, baita hegoaldeko beste hainbat lekutan ere, Atlantikoko kostaldetik Mexikoko golkoraino. Berez, neguko platera da, egun urte sasoi guztietan har badaiteke ere. Lapiko handietan egin ohi da, bi oinarrirekin: arroza eta salda. Lapikoan egindako arroz saldatsu horri itsaskia, oilaskoa, txerrikia (andouille saltxitxa ezaguna).
Lafayetten ez da non jan falta izaten: AEBetan jatetxe gehien daukan hiria izatearen fama dauka
Gumbo-rekin batera, okra da bertako gastronomiarekin lotutako beste hitza, eta hark bezala afrikar jatorria du honek ere, garizuman gumbo z’herbes, barazkidun platera izan ohi da. Lafayetten ez da non jan falta izaten: AEBetan jatetxe gehien daukan hiria izatearen fama dauka.
Neguko hilabeteak, garizuma eta, haren aurreko inauteria dira, izan ere, Louisiana eta cajun kulturarekin lotu ohi den sasoia. New Orleanseko Mardi Gras mundu osoan da ezaguna, eta behin baino ez datorrenak han amaituko du ziurrenik. Baina astirik izanez gero, edo bigarrenez etorrita, Lafayetteko inauteriak ere merezi du.
ASTEAZKENETAKO HITZORDUA
Bi mende eta erdi beranduago, Lafayette inguruan oraindik bizi da akadiar kultura. Hizkuntza oso gutxituta badago ere, astero Rendez-vous des Cajuns kontzertuak izaten dira. Biolinaren eta akordeoiaren bidez gidatutako eskualdeko musika erakusteko kultur ekitaldi ugari antolatzen dituzte urtean zehar; horietako ezaguna Festivals Acadiens et Créoles da. Edozein unetan interesgarria izanda ere, eskualdera bisita asteazkenarekin izatea komeni da. Hala, Lafayetteko Blue Moon Saloon tabernan bertako herritarrak, cajun kultura eta musika eta Louisianako frantsesaren azken hiztunak ikusteko parada izango dugu.
Lafayettera heldu aurretik Vermilionville dago. Historia museo biziduna da, Bayou Vermiliion inguruan XVIII. eta XIX. mendeetan bizi ziren pertsonen etxeak eta bizimoduak erakutsiz. Eskola da eraikinetako berezienetakoa. Are gehiago Euskal Herritik joanez gero. Frantsesa euskara ezabatzeko baliatu zen gisan, hemen frantsesa ezabatzeko ahalegina egin zuten Estatu Batuek, arbelean ingelesez idatzita ageri denez: «Ez naiz gehiago frantsesez mintzatuko eskola barnean», behin eta berriz errepikatuta.
Ingelesa derrigorrezkoa zen Louisianako eskola publikoetan 1974ra arte, eta XXI. menderako, hizkuntza bizirik egon arren, transmisioa etenda dago, eta hiztun kopuruan beherakada nabarmena izan da azken hamarkada hauetan. Nolabait, cajun kulturaren ospakizuna hizkuntzaren berpizkundearen aldarrikapena ere bada, berriki arte gutxietsi izan den ondare hori ikusarazteko. Gaur egun, hizkuntza biziberritzearekin batera, cajun tradizioko beste elementu batzuk ere lantzen dituzte, errefuxiatuek landutako marroi koloreko akadiar kotoia, esate baterako.
Vermillion bisitatu ostean eta Lafayetten egonda, cajun historiaz eta kulturaz gehiago jakin nahi izatera, Erath-eko Acadian Museum-en eta St. Martinville-ko Acadian Memorial-a bidaiako agendan izateko leku onak dira.
CAJUN ETA KREOLE
Louisianaz pentsatzean badago nahasi ohi diren bi elementu, cajun eta kreole kulturak, zehazki. Eta berdin gertatzen da sukaldaritzarekin. Definizioa labainkorra izan liteke. Louisianan kreolera terminoak “kolonietako seme-alabei” egiten die erreferentzia, hau da, garai kolonialean (Espainiaren edo Frantziaren mende, baina ez britaniarren agintepean), eskualdean bizi izandakoen ondorengoei. Vermilionville historia askoren tokia da: amerikar natiboak, batetik Frantzia zein Gaztelako erresumetako biztanleen ondorengoak bestetik, eta mendebaldeko Afrikan esklabotzarako bahitu hartutakoena azkenik.
Akadiarrak 1764an iritsi baziren ere, bertako etxaldeetan denbora zeramaten afrikarrek, esklabotzan gatibu lanean. Horien ondorengoek afrikar tradizioa aldarrikatzen dute, cajun nortasunaren aurretik. «Askok uste dute gumbo cajun dela. Eta Afrika mendebaldetik okra hitzetik hartu dugu!», diosku Vermilionvilleko kreole musikari batek.
Frantsesek afrikarrak esklabotzan ekarri zituzten, indigo eta tabako soroetan gatibu lanean aritzeko. Sarritan atzemandako indigenak ere egoten ziren, chitimacha edo choctaw herrietako kideak, esaterako, Louisian bizi ziren hamabi tribu indigenetako bi ziren. Choctaw gehienek mendebalderago jo behar izan zuten. Chitimacha-k oraindik hemen daude, New Iberia herrira iritsi baino lehen bidegurutzea hartuta (Lafayettera New Orleans-etik hegoaldetik abiatzen den bidea hartuta, erdibidean dago).
Chitimacha-k oraindik hemen daude. Louisianan jatorrizko lurretan mantentzen den herri indigena bakarra da
Louisianan jatorrizko lurretan mantentzen den herri indigena bakarra da, eta geltoki interesgarria da hizkuntza isolatua zeukan nazio indigena honen berri izateko, bidearen eskuinean dagoen museo indigena bisitatuz. Azken hiztunak 1930eko hamarkadan hil ziren, baina egun ere entzun daiteke hizkuntza orduko grabaketan bidez, eta are garrantzitsuagoa dena, azken mende laurdenean eskolen bidez biziberritzeko egitasmoa daukate.
Chitimacha, gainera Atchafalaya Basin edo Atchafalaya Arroa izeneko hezegune zoragarriaren ertzean dago. Ipar Amerikako padura-hezegune ekosistema handiena da. Basabizitza paregabea da hemen. 300 hegazti espezie dabiltza, neguko milaka neguko ahate eta Ipar Amerikako okinen populaziorik handiena. 50.000 lertxuntxo, ibis eta lertxunek baino gehiagok egiten dute habia eskualdean. Aligatoreak eta beste 65 narrasti eta anfibio ere ikusten dira padurako bisitan.