MAR. 25 2015 KOLABORAZIOA Eusko Alderdi Jeltzaleari Josu Iraeta Idazlea Ez dirudi zalantzagarria denik Euskal Herria izena euskarari loturik doala eta hasiera batez hizkun- tzak markatzen zuela Euskal Herriaren espazioa. Lekuko jendearen mintzaira izanik, mugak ez ziren finkoak, hiztunen araberakoak baizik. Euskaldunen mugimenduen arabera, mugak ere mugitu ziren, eurekin batera. Denborarekin, ordea, euskaraz hitz egiten zen espazioa finkatuz joan zen eta euskara alde batzuetatik galdu arren, historian zehar eraikitako erakundeetatik iraun zuten zazpiei Euskal Herri izena ematen zaie gaur egun. Hori bai, interpretazio politiko interesaturik tartean agertzen ez denean. Lurraldetasuna dela-eta, egia da, maila politikoa da agerian geratzen dena, baina hala ere, askoz sakonagoa den maila soziala gaineratu nahi nuke. Lehena da kanpotik gehien ikusten dena, baina bestea sakonagoa dela uste dut. Nire ustez, nazionalismoaren lurralde helburu estrategikoa maila politikoan eskatzen dena baino eskakizun zabalagoa eta barneratuagoa da. Denboran zehar gizarte euskaldunak argi agertu duen zerbait da. Estatua osatzea baita nazionalismoaren helburu politikoa, eta asmo horren aurka, eraikitako estatuaren edo estatuen erreakzio bortitza etor daiteke. Horrela gertatu da euskal nazionalismoaren kasuan, Espainiak eta Frantziak arma guztiak erabili eta erabiliko dituzte, proiektu banatzaileak baliogabetzen. Ongi dakigunez, euskal lurraldetasuna errebindikatzea eta bere alde borrokatzea ez da lan erraza izaten ari abertzaleentzat. Horregatik, helburua zen eta den burujabetza ez da lortzerik izan. Hala ere, emaitzak ez dira hain kaskarrak. Euskal abertzaletasunak jakin izan baitu zazpi herrialdedun Euskal Herriaren irudia ezagutarazten eta heda- tzen, alde edo aurka egonik ere, marko hori baita aspaldidanik, agenda politikoaren eta eguneroko bizitzan, eztabaiden zati handiena biltzen duena. Askok uste baino prozesu gogor eta tirabiratsuagoa izaten ari da, zalantzarik gabe. Kanpotik, estatuetatik asma zitezkeen erasoak jasan behar izan dira, eurek ezarritako legalitatea betetzea delarik aitzakia. Baina barrutik ere, desadostasunak ugariak eta sakonak izaten ari dira. Alde batetik, biztanleriaren zati batek Espainia eta Frantziarekiko lotura nahi duelako. Eta bestetik, abertzaleen artean, batzuetan lurralde helburu desberdinak direla medio, eta besteetan pauso taktiko-ekonomikoak ez direlako modu berean ulertzen. Hemen eta horrelako arrazoi ankerretan bilatu behar dira euskal kirolariek duela urte batzuk egindako urrats dotore bezain zuzenari eskaini zizkioten presio eta mehatxuz beteriko irainak. Hainbeste ezadostasun nabarmen tartean izanik, hala ere, nolabaiteko lotura punturen bat bilatu beharko bagenu euskal nazionalismoaren jokaera politikoan, subiranotasun nahia eta autodeterminazio eskubidearen eskaera aipatuko nituzke. Eta hauek biok aplikatzeko marko fisikoa, gaur egun aldarrikatzen diren zazpi herrialdeak. Lurralde ikuspuntutik begiratuta, baieztapen hauek nazionalista guztiek onartu beharrekoak direla esango nuke, eta horrela ez egitekotan, euskal nazionalismoaren definizio berria egin beharko litzateke. Hori dela eta, bitarteko urratsek ezin dute lurralde helburu estrategikoa nahita gorde, autonomia markoen lurraldetasunak bultzatuta, benetako marko orokorra ahazteko arriskua izan daitekeelako. Jakinik horixe dela Estatuaren helburua. Horregatik eta erregionalistek beste zerbait erabakitzen badute ere, zazpi herrialdedun Euskal Herria da eta izango da nazionalismoaren azken helburua. Horrez gain, maila politikoan eskatzen denak maila sozial honetan onartua izan behar du, nahi den arrakasta izan dezan, bestela iruzurtzat hartua izan daiteke. Horrela gertatzen da Estatuak nolabaiteko autonomia maila eskaintzen duenean, erakunde nazionalistak eskatzen duena baretzeko edo multzo honetako «beste talderen batek» neurri apalagoko lurralde eskaera egiten badu. Beraz, bi maila hauetako helburuak bat ez datozenean, bien arteko lotura eraiki behar da, beharrezkoa izango den herri sostengua lortzeko. Gaur egun ez da horrela, baina horrela izango da, nahiz Urkullu jaunak –bere garaian– aurkakoa esan. Horrelako jarrera harroa plazaratzen duenaren aurrean, nahi dut agertu nazionalismo guztietan bezala asko direla erabiltzen diren moduak eta helburu horri eusteko elementu eta jokaerak. Euskarak, antzinako instituzioek, historiak, paisaiak, ohitura edo kirolak, denak lotura elementu gisa jarduten dute, eta batasun sentimendua sortzen eta indartzen laguntzen dute. Hain zaila da hori ulertzen? Hain oker dabiltza euskal kirolariak, euskal selekzioa «Euskal Herria» izendatzea nahi dutenean? Eta alde agertuz bat egin zuen –eta duten– kirolari uholdea, denak oker dabiltza, erabat «kutsaturik» daude, edo eredugarriak dira? Nor da edo nor dira, ilunpean gordeta, herriari hitza ukatu eta erabakiak hartzen dituztenak? Hor dituzue agerian Eusko Alderdi Jeltzalearen dardarak. Nahi ez izate horrek gordeta edukitzeak ematen dituen lanak. Hori dela-eta, bitarteko urratsek ezin dute lurralde helburu estrategikoa nahita gorde. Horrela, autonomia markoen lurraldetasunak bultzatuta, benetako marko orokorra ahazteko arriskua izan daitekeelako