MAR. 29 2015 KOLABORAZIOA Maite zaitut, Antxon, beti elkarren ondoan Iker Beristain Urizarbarrena Donostia Beste urte bat pasa da, di-da,eta adinean aurrera goazen heinean geroz eta azkarrago igarotzen zaizkigu urteak, dedio...!, kar,kar. Gainera, 2014ko martxoaren 31an espetxean nindukaten; uneotan berriz, hormaren beste aldean nago, iazko abuztuaren 23an askatu ninduten eta. Horrela ba, eta gure urteroko hitzorduan esan ohi dudanez, abiadura bizian ematen dira aldaketak gure herri demontre honetan, eta horren adibide garbia duzu nirea… bo, eta baita Alfontsorena ere, etxean baitago ia 24 urte giltzapean eman ondoren. Dagoeneko zazpi hilabete pasa dira kartzela atzean utzi nuenetik, eta oraindik ere egokitze fasean darrait, izugarri aldatu baita kalea urte hauetan guztietan, eta arlo guztietan gainera…nola aldatu diren gauzak kamarada! Eta aldaketei dagokienez, zer esan; ba, batzuk onerako eta beste batzuk txarrerako izan direla nire iritziz, baina horietara ohitzea eta egokitzea da gakoa, eta horretan nabil. Aldaketa horien artean zure hutsunea da nagusiena, izugarri nabaritzen dudana, espetxeratu nindutenean gure artean baitzinen, eta uneotan berriz, ez. Eta nahiz eta fisikoa den hutsune hori, beti elkarren ondoan izango garela ongi dakit. Hala ere, Castelloko sarraski espetxea atzean utzi nuenean, arraroa egin zitzaidan atean nire zain zu ez ikustea gainontzeko lagunekin batera, nahiz eta zure besarkada estua sumatu nuen irriño bihurri batez lagunduta. Baina aldaketak aldaketa, zenbait gauza ez dira aldatu.Etsaiaren aldetik betikoa datorkigu, errepresioa eta itxikeria, eta horren erakusgarri dugu Europak esandakoari muzin eginez burkide gatibuak ilegalki bahituta mantentzen dituela, baina tira, ezin besterik espero errebantxista hauen aldetik. Eta gurean ere, zaharrak berri jeltzaleen aldetik, gu baikara haientzat etsaia eta ez estatu zapaltzaileak, mila aitzaki merke jartzen dituztelarik gure herria beste eszenatoki batera eramango duten urratsak ez emateko, eroso baitaude horrela. Finean, poltronak eta negozioak maite dituzte, alderdia bera dutelarik helburu, eta ez Euskal Herri libre bat. Gainera, “Marca España” delakoak badu gurean egoitza, ustelkeria kasuak bata bestearen atzetik agertzen ari dira eta, CAN, Bidegi, Osasuna, AP-1… ustelak! Beraz, urtero diodan bezala, guk geureari eutsi behar diogu, bidea gogorra eta malkartsua izanik ere, borrokak eramango baikaitu gure helburuak erdiestera, aberri aske eta sozialista batera, hain zuzen ere. Zaindu zeure burua, lagun, eta gogoratu maite dugunagatik borrokatzeak dakarkigula zoriontasuna. Lortuko dugu! Osasuna, maitasuna eta askatasuna! Aldaketa horien artean zure hutsunea da nagusiena, izugarri nabaritzen dudana, espetxeratu nindutenean gure arteanbaitzinen, eta uneotan berriz, ez. Eta nahiz eta fisikoa den hutsune hori, beti elkarren ondoan izango garela ongi dakit