Finaletan izan nahi dutenentzat azkeneko aukerak izango dira
Berezkoen Binakako Txapelketa bere unerik onenean sartzera doa. Gaur eta bihar jokatuko dira bi finalerdiak, eta bi irabazleek lortuko dute Baionako Modernen txapelaren lehian aritzeko txartela.
Gaur, Angelun izango da partida, eta bertan txapela lortzeko faborito nagusiak diren Etxeberri eta Ducassou Bielleren eta Ezkurraren aurka lehiatuko dira. Dirua oso nabarmen aterako da aurreneko bikotearen alde, eta haiek ez irabaztea sekulako ezustea izango litzateke.
Bigarren finalerdia bihar arratsaldean jokatuko da Senperen, eta han, Larralde eta Bilbao Lanberten eta Harizmendiren aurka arituko dira. Hemen gauzak parekatuago ikusten dira, baina aurrenekoen alde aterako da dirua, baina horiek ez balute irabaziko ere, ez litzateke horrenbesteko ezustea izango.
Bi partiden aurretik Bigarren Mailako finalerdiak izango dira. Gaur Angelun, 19.00etan, Intxauspe eta Saldubehere, txapela lortzeko faborito nagusiak, Monzeren eta Amuleten aurka arituko dira. Bihar Senperen, 18.00etan, Oltzomendi eta Palomes Elgarten eta Bonebeltxeren aurka arituko dira. Hemen dirua parean aterako da.