APR. 13 2015 Surfa Bells Beach 2015:Fanning eta Moore txapeldun Itsasoak ez du lagundu Australiako txapelketa mitikoan, baina, lehiakideek, baldintzak edozein direla ere, sekulako ikuskizuna emateko gai direla erakutsi dute. Mick Fanningek laugarren aldiz jo du Bells Beacheko ezkila, eta, Carissa Moorek, berriz, hirugarren aldiz. Haritz LARRAÑAGA AUSTRALIA Laugarren aldiz jo du ezkila Mick Fanning australiarrak. Lehen mailako itzulian egin berri duten bigarren geldialdian txapela eskuratu du Gold Coasteko surflariak eta ranking orokorrean lehen postua eskuratu du. Mick Fanningek Adriano de Souza brasildarrarekin berdinduta amaitu zuen, eta, ranking orokorrean ere, lehen postuan egon arren, postu bera Filipe Toledorekin partekatzen du, izan ere, biak daude rankingeko lehen postuan 15.200 punturekin. Nesken kasuan, Carissa Moore hawaiiarra izan da irabazlea Bells Beachen. Hirugarren aldiz irabazi du Australiako urautsi mitikoan eta ranking orokorreko lehen postuan jarri da, izan ere, itzuliko lehen txapelketa ere berak irabazi zuen. Aurtengoan olatuek ez dute lagundu Australia hego-mendebaldeko txapelketa ospetsuan. Bere historiagatik eta urautsi honek eskaintzen dituen eskuin luze eta ederrengatik hainbeste ikusmin sortzen duen txapelketa nahiko pobrea izan da aurtengoan. Izan ere, ez zen itsaski handirik izan eta haizearen ondorioz olatu narrasak izan ziren nagusi. Bells Beacheko urautsiak ez ditu olatu borobilak eskaintzen, ez da tuboak egiteko leku egokia. Lehiakideek olatua marrazteko duten abilezia erakutsi behar dute ezkilen urautsian. Eskuin olatu luzeak dira nagusi, eta itsaskiak erraz sartzen diren ingurunea izaten da, beraz, tuborik gabeko eskuin olatu luze eta handiak izaten dira Bells Beachen baldintzak onak diren egunetan. WSL zirkuituko txapelketa bakoitzak ezaugarri bereziak izaten ditu, eta, horrela, lehiakideek mota guztietako olatuetan surf egiteko gai direla erakutsi behar izaten dute. Urautsi bakoitzak dituen ezaugarrien arabera, surflari faboritoak ere aldatu egiten dira. Esate baterako, badira olatu borobiletan surflari kutunak direnak, baina bestelako baldintzetan ez dute arrakasta handirik izaten, eta alderantziz. Mick Fanningek kasuan, mota guztietako olatuetan itzelezko maila erakutsi baldin badu ere, olatu luzeak irakurri eta marratzeko duen modu berezia da ikusleek gehien maitatzen dutena. Fanningek sekulako estiloa du birak egiterako orduan, eta hori epaileek kontuan hartzen duten ezaugarri garrantzitsua da. Beraz, ez da inolaz ere kasualitatea Fanningek laugarren aldiz Bells Beachen irabaztea. Fanningek 19 urte baino ez zituen wildcard gonbidapen bati esker 2001ean Bells Beacheko munduko txapelketan parte hartu ahal izan zuenean, eta irabazi egin zuen. Beraz, goi mailako lehiaketarako ateak ireki zizkion lekua ere badela esan daiteke. Horrela deskribatzen zuen Fanningek bere esperientzia: «Bells leku berezia da niretzat. Oso gazte nintzela egin nuen lehen txapelketa da; horregatik, etortzen naizen bakoitzean ahalik eta ondoen surf egiten saiatzen naiz». Azken garaipenarekin, gainera, Bells Beacheko txapelketa lau bider irabazi duten lehiakideen zerrendan sartu da, Marc Richards eta Kelly Slaterrekin. Bi surflari horiez gain, Bells Beachen bi bider irabazi zuen Andy Irons ere gogoratu zuen Fanningek prentsari egin zizkion adierazpenetan: «Inoiz ez nuke nire burua Mark Richards, Kelly Slater edo Andy Ironsen kategoria berean kokatuko. Mutil horiek heroiak dira: MR jainkoa da, Kelly erregea eta Andy eternala. Sinestezina da». Esan bezala, aurtengoan baldintzak zailak izan ziren lehiakideentzat, lehiakideek marraztu behar zuten olatua narrasa baitzen, eta, ondorioz, espero ez ziren emaitzak izan ziren. Hala ere, inor gutxi harritu zen finalera iritsi ziren bi lehiakideekin, Adriano de Souza brasildarra eta Mick Fanning. Biak eskuin surflariak dira, biak olatu luzeetako ariketak burutzen maisuak, eta biak lehiakide porrokatuak. De Souzaren bereizgarri nagusia birak egiterakoan erakusten duen indarra da, eta, Fanningen kasuan, berriz, bere birak egiten dituenean erakusten duen klasea nabarmentzen da. Beraz, indarra eta estiloa zeuden parez pare lehian. Bi surflariak bikain aritu ziren, olatuak indar apur bat hartzen zuen eremu orori etekina ateratzen zioten, bakoitzak bere modura, eta finala amaitu zenean biek puntu berak lortu zituzten, parekatuta zeuden. Beraz, halakoetan gertatzen den bezala, araudiak zer dioen zen gakoa. Bi lehiakideek 15,27 puntu batu zituzten euren bi olatu onenekin, baina garaipena Mick Fanningentzat izan zen, puntu gehien bildu zituen olatua egin zuelako (8,17 puntu). Nesken finalean Carissa Moore hawaiiarra eta Stephanie Gilmore australiarra izan ziren. Itzuliko lehen txapelketan ere, Gold Coasten, biak izan ziren finalean eta orduko hartan ere Carissak eskuratu zuen txapela. Gauza bera gertatu zen Bells Beachen, Gilmore bigarren postuan geratu baitzen. Horiek horrela, lehen bi txapelketetan emaitza berberak izan dira, eta, ondorioz, ranking orokorrean Carissa Moore da buru, bi garaipenekin. Bere atzetik, bigarren postuan, Stephanie Gilmore da. Iaz txapelduna Gilmore izan zen. Sei bider izan da jada munduko txapeldun. Carissa Moore, berriz, bi bider izan da munduko txapeldun. Urte hasierako txapelketek aurtengo lehia batez ere bi lehiakideon artean izango dela iragartzen dute. Ziur aski, 2015eko munduko txapelduna bi lehiakideotako bat izan daiteke. World Surf League itzuliko hirugarren txapelketa asteazken honetan bertan hasiko da Margaret Riverren, Australiako mendebaldean. Antza sekulako itsaskia omen dator, beraz, ikuskizun polita izan daiteke datozen egunetan. MICK FANNING«Inoiz ez nuke nire burua Mark Richards, Kelly Slater edo Andy Ironsen kategoria berean kokatuko. Mutil horiek heroiak dira: MR jainkoa da, Kelly erregea eta Andy eternala» GILMORE VS MOORE Stepahnie Gilmore sei bider izan da munduko txapelduna, eta, Carissa Moore, berriz, bi bider. 2015eko txapela eskuratzeko lehia ere bi lehiakideon artean izango da seguruenik.