APR. 13 2015 Aizkora Ezuste gutxi izan dira Urrezko Lehiaketan Eneko Otaño, Etxeberria II.a, Alkizalete II.a eta Telletxea izan dira sailkatu direnak. Jon LEUNDA Eneko Otaño, Etxeberria II.a, Alkizalete II.a eta Telletxea izan dira Urrezko Aizkorako aurreneko jardunaldia gainditu duten lau aizkolariak, eta bigarren kanporaketa jokatzeko moduan izango dira. Herenegun Zegaman eta atzo Bilbon neurtu ziren aizkolariak, bakoitzean zortzina aizkolari bina multzotan banatuta, eta bakoitzeko onenek egin zuten aurrera. Bi egunetan ere egin beharreko lana bera izan zuten. Lehen fasean, hasteko 45 ontzakoa erlojuz kontra ebaki behar izan zuten, eta, ondoren, bina kana-erdiko. Finalean, berriz, bakoitzak bi kana-erdiko erdibitu behar izan zituen. Zegamako kanporaketa aldaketa batekin jokatu zen. Pellejerok ezin izan zuen aritu eta bere ordez Alkizalete II.a aritu zen lanean, eta ongi, gainera, sailkatzea lortu baitzuen. Lehen multzoan, Otañok Elorriaga hartu zuen mendean, eta, Zalduak, berriz, Eraso. Ondorioz bi irabazleak lehiatu ziren hurrengo kanporaketan aritzeko txartela eskuratzeko asmoarekin, eta Beizamakoak, Eneko Otañok alegia, eraman zuen garaipena. Bigarren multzoan, Jokin Alkizaletek Alberdi azkoitiarra hartu zuen mendean, eta, Urteagak, berriz, Resano. Hemen ere bi irabazleak elkarren aurka lehiatu ziren, eta azkenean garaipena Alkizaletek eraman zuen, hurrengo kanporaketara sailkatuz. Beraz, esan daiteke kanporaketa hauetan ez zela ezuste handiegirik izan, nahiz eta Alberdi eta Zaldua sailkatu izan balira ere gauza bera lasai esan zitekeen. Atzokoan, berriz, Bilbon paraje zoragarrian aritu ziren lanean aizkolariak, Doña Casilda parkean hain zuzen ere. Agian berotxo izan zuten lanerako, baina jende askoren aurrean aritu ziren, eta horrek ere badu garrantzia. Hemen ere bi multzotan banatuta neurtu ziren, eta Bilbon ere aldaketa bat egon zen, Etxeberria II.ak ordezkatu baitzuen min hartuta dagoen Duñabeitia. Lehen multzoan Larrea eta Irazabal lehiatu ziren, eta lehenak irabazi zuen ehuneneko gutxi batzugatik. Telletxeak, berriz, Kintanari irabazi zion, eta azken horrek finalean mendean hartu zuen Larrea. Bestean, Naredok Garciari irabazi zion, eta, Etxeberria IIa.k, Intxaustiri. Finalean Etxeberriak ez zuen arazorik izan Naredo asturiarrarekin. Gazteak indarra hartzen ari dira Aizkolari gazteak indarrean datoz, eta hori egiaztatzeko egungo txapelketei begiratzea besterik ez dago, orain dela urte gutxi batzuekin alderatuta, orain askoz gazte gehiago ikusten baitira. Tartean, oso gazteak ere bai. Urrezko Aizkorako aurreneko jardunaldian aritu diren aizkolari asko eta asko gazteak izan dira, nahiz eta tartean beterano edo oso beteranoren bat ere aritu den. Hala ere, sailkatu diren lautik hiru gazteak dira, eta etorkizunari begiratuta hori oso ona da. Etxeberria II.a, Eneko Otaño eta Jokin Alkizalete oraindik oso gazteak dira, eta aurreneko biak, gainera, 20 urtetik beherakoak; hori aizkora maite duten guztientzat oso berri pozgarria da. Ez dira bakarrak, gainera, adin horren bueltan aizkolari on dezente baitaude; lehiaketa honetan euren maila erakusteko parada izango dute guztiak. Jadanik emaitzak lortzen hasita daude, eta hemendik aurrera ere lortuko dituzte, baina presa gehiegirik gabe. J.L.