APR. 27 2015 Harri-jasotzea Perurenak oraingoan ere ezin izan du 303koarekin Leitzarrak jaso zuen, baina epaileak usteltzat jo zuen, eta baliorik gabe utzi zuen. Jon LEUNDA 303 kilokoak itxaron egin beharko du, oraingoan ere Inaxio Perurenak ezin izan baitu jaso, nahiz eta epaileek hartutako erabakiarekin bera ez zen ados geratu. Jende asko batu zen Leitzako Amazabal pilotalekura Inaxioren lana ikusteko asmoarekin, pilotalekuko harmailak ia bete egin baitziren. Egin beharreko beroketak egin ostean, heldu zion 303koari, epaileak txistua jo bezain azkar. Harria gerrira ekarri, han buelta eman eta berdintzen saiatu zen, baina jaso zuenean epaileak legezkoa ez zela esan zuen, eta jasoaldia usteltzat jo zuen. Bost minutuko txanda zuenez, denbora zuen beste jasoaldi bat emateko, eta horixe egin zuen. Atsedentxo bat hartu eta berriro heldu zion harriari. Honelakoetan, ordea, eta harri handi hauek tartean direnean, aurrenekoan huts egiten bada, oso zaila izaten da bigarrengoan helburua lortzea, eta horixe gertatu zen. Berriro ere saiatu zen leitzarra, baina oraingoan ere ez zuen harria bizkarrean berdintzea lortu, eta 303koa jaso gabe geratuko zaio. Saioa amaitu zenean oso haserre geratu zen Inaxio, izan ere, bere ustez jasoaldia legezkoa omen zen, eta hori baino jasoaldi zalantzagarriagoak balekotzat eman zaizkiola adierazi zuen Perurenak. Garbi utzi zuen jasoaldi hori beretzat balekoa zela, eta epaileek horrela eman ez badiote ere, berak 303koa jasotzat emango duela. Jendeari ere eskerrak eman nahi izan zizkion Inaxiok, uste baino gehiago joan baitzen bera animatzeko asmotan, eta hori asko eskertzen zuela ere esan zuen. Orain ikusi egin beharko da zer gertatzen den. Garbi dagoena da ofizialki jasoaldi horrek ez duela balio, eta orain berak erabaki beharko du zer egin, 303koarekin jarraitu edo hori alde batera utzi, eta beste harri astunago bati heldu. Uda gainean dauka, eta erakustaldien garaia denez, ez dirudi datarik egokienak direnik markak egiteko. 303koarekin jarraitu nahi badu, litekeena da beste ahalegin bat egitea berehala, baina harri astunagoei heldu nahi baldin badie, zaila izango da berehala izatea.