MAY. 01 2015 Espetxearen garraztasunak ere badu maitasunetik Poesiara hurbildu berri da Mikel Antza «Ametsak ere zain» alearekin. Reauko espetxean preso, azken hamarkadan ondutako poemak bildu ditu Susak argitaratutako alean. Elementu gordinak, gogorrak, baliatu ditu Antzak burdinazko barren atzean bizitzen dena ikusarazteko. Heriotza, kartzela eta gerra. Garraztasuna, maitasunezko poema bilakatuta, norbanakoa baitute gai eta helburu. Eta, maitasuna, askatasuna dutelako denek amets. Ariane KAMIO DONOSTIA Nola aske senti daitekeen gizabanakoa espetxean preso. Nola bila askatasunerako bidea gorputza dagoen tokitik mugitu gabe. Nola esan askatasuna, hura amets bihurtzen denean. Mikel Antzak (Donostia, 1961) labirintoko irteera marraztu du “Ametsak ere zain” (Susa) liburuan. Aurrenekoz, poesiarako bidean jarrita gainera. «Lehenengo poema liburuak gauza asko esaten ditu idazleari buruz, bere ideiei buruz eta mundua begiratzeko moduari buruz», esan zuen Gorka Arrese editoreak, atzo, Donostian. Azken hamar urteetan ondutako lana da argia ikusi berri duena; hamarkada bateko lana, hilabete hauetan bukatutakoa. Azpi-izenburua, “Garaitu gabeen balada”, liburuak duen «kantuzko estrukturaren» erakuslea, «obra melodiko baten traza» ere bai baitu. Hezurduran, sei poema luze, erreka moldez osatutakoak, luzeak baina arinak. Izenburuetan, klasikoetarako joera: “Intro”, “Bellum”, “Carcer”, “Mors”, “Invictus” eta “De profundis”. Horien atzean, klandestinitatea, borroka, atxiloketak, kartzela, errepresioa, gose greba, heriotza... Eta guztien gainetik, ametsak; askatasunarekin, bizitzarekin... Houdini «Badaude tximista bezala funtzionatzen duten esaldiak eta liburuak ezin dira esaldi bakarrean laburtu. Baina kasu honetan aurkitu dut laburbiltzen duen bat: ‘Ez genuen geure buruaz Houdini egin’», Jon Benitoren hitzak, liburuaren irakurketa pertsonalaren hasieran. Espetxetik idatzitakoa izanagatik ere, bere hitzetan Antzak ez du besteen fikzioa irudikatzen askatasuna aurkitu. Bere buruaz ari da. Eta hortxe paradoxa; Antza ez da Houdini. «Kartzelatik ihes egin ezin duen bezala, azken urteetako gertakariez hitz egitean, egileak berak ez du ihes egin nahi». Espetxea, askatasuna, gosea eta egarria, gatazka, heriotza... «Lore joko gutxi, autokritikarako ausardia, begiradaren samurtasuna...», horietxek Benitok ikusi dituenak. «Militante politikoak eginbehar asko ditu kartzelan. Baina ez dio idazlearen lanari uko egin», aipatu zuen. Kontzientziaz idatzitako lana dela deritzo, irudi eta hitz joko ederrez loreztatutakoa; «idazlea ez da militante politikoan ezkutatzen liburu honetan». Determinazioa eta autodeterminazioa; azken batean, espetxean askatasunez bizitzeak dakarren erabakia. «Zigor-ziegako bi egonaldiren artean amaitu dut ‘Ametsak ere zain’, doi-doi» Eneko Olasagasti zinemagile eta Mikel Antzaren lagunak, idazleak espetxetik bidalitako gutunari jarri zion ahotsa. Aime Cesaire-ren “Cahier d´un retour au pays natal”-en irakurketak berarengan sortutakoaz ari da: «Nire baitan lozorroan lotsatuta zegoen ahotsa esnatu zitzaidan. Askatasuna sentitu nuen. ‘Horrela ere idatz daiteke poesia’, sentitu nuen. Zuzenagoa da ‘horrela idatzi behar da poesia’ sentitu nuela esatea». «Poema gordinak dira, gogorrak, heriotza eta kartzela eta gerra dute gai. Mina eta samina. Garratzak ere badira pasarte batzuk, ez oso ‘poetikoak’ beharbada», jarraitzen du. «Baina maitasunezko poemak ere dira, norbanakoa baitute gai eta helburu. Eta aurrenik neroni; liburu honen idazketa bitartean nigan eragindako aldaketa sentitu baitut. Eta maitasunezko poemak ere dira, askatasuna dutelako amets, askatasunez idatziak direlako». Liburuaren osaketa ez dela erraza izan aitortzen du: «Hemengo lubakietan ez dago tiro hotsik, ez granada eztandarik, ezta lokatzik. Isilagoa da bizi dugun suntsipena». «Zigor-ziegako bi egonaldiren artean amaitu dut ‘Ametsak ere zain’, doi-doi. Beste haren duela hogeita hamar urte baino gehiagoko koplak bezala atera dira liburuko azken poemak ere praketan gordeta», adierazten du Antzak eskutitz bidez. Eta amaitzen du, honela: «Generoz aldatuta ere ez du lortzen kartzelatik irtetea. Iheserako nahi nukeen literaturak bertara nakar behin eta berriro». A.K.