Jon LEUNDA
Aizkora

Otaegi eta Saralegi, aurrera

Zizurkilgoak eta Leitzakoak Jon Irazu eta Jexuxmari Mujika menderatu zituzten azkeneko proban.

Ruben Saralegik eta Joseba Otaegik lortu zuten atzo, Lazkaon, Urrezko Aizkorako maila nagusian aurrera egitea, eta hurrengo kanporaketan izango dira. Jendetza batu zen atzoko kanporaketak ikustera.

Bi multzotan banatuta lehiatu ziren, eta aurrenekoan, Saralegi izan zen onena, eta bere atzetik Irazu eta Larrañaga sailkatu ziren. Bigarren multzoan, Otaegi gailendu zen, Mujikaren eta Jauregiren aurretik.

Ondorioz, multzo bakoitzeko aurrenekoak besteko bigarrenen aurka neurtu ziren, eta garaileek lortzen zuten aurrera egitea. Bietan bakoitzak bi kana-erdiko ebaki behar zituen. Aurreneko neurketan Saralegik mendean hartu zuen Mujika. Leitzarrak bost minutu eta 50 segundo behar izan zituen bere lanak amaitzeko, eta 40 segundo gehiago, Mujikak. Bestean Otaegik irabazi zuen. 5 minutu eta 25 segundoan burutu zuen lana, eta Irazuk, 6 minutu eta 43 segundo behar izan zituen.

Gasteizen, berriz, 18 urtez azpikoen txapelketako saioa jokatu zen, eta Kañamares IV.a izan zen onena. Bere atzetik, Etxeberria II.a eta Jauregi sailkatu ziren. Aurreneko biek egin dute aurrera, eta finalerdietan arituko dira lanean.

Urrezko Aizkorak aurrera jarraituko du, eta gaur, 18.30ean, Elgoibarren, Sigmako probalekuan, Olasagasti, Mugertza II.a, Donato Larretxea eta Erasun lehiatuko dira. Aurretik, goizean, 12.30ean, Basurtun, 23 urtez azpikoetan, Eneko Otaño, Alberdi, Larrea, Kañamares IV.a eta Naredo arituko dira.

Berririk tristeena, berriz, harri-jasotze mundutik etorri da, bat-batean zendu baitzen herenegun Aroztegi, 80ko hamarkadan harri-jasotzaile oso ezaguna izan zen goiaztarra. 60 urte zituen Aroztegik.

Sokatiran, gaur abiatuko da, Berrituan, Lur Gaineko Txapelketa, 17.00etan. 680ko lehen jardunaldia jokatuko da, eta Goiherri A, Goiherri B, Mutriku, Gaztedi A, Gaztedi B eta Gaztedi C lehiatuko dira.