GARA Euskal Herriko egunkaria
ZIRIKAZAN

Emakumeak bakarrik


Neuk ere garai batean ez nuen garbi ikusten emakumeontzako eta bakarrik emakumeontzako guneak sortzea eta elikatzea. Maiz izaten nuen eztabaida neska lagunekin ez ote genuen lortuko geure jabekuntza eta ikusgaitasuna barik, are isolamendu handiagoa, gure xedearen kalterako: genero berdintasuna. Iruditzen zitzaidan gizonezko lagunen baliagarritasuna baztertzen genuela, aliatuak mespretxatu, nolabait; orduko mutiko haiei ere horixe begitantzen zitzaien, eta ez zuten betarik galtzen suminduraz adierazteko.

Denborarekin, ohartu nintzen emakumeontzako eta bakarrik emakumeontzako esparruak izateak bazuela funtsa, erdietsi gabeko berdintasuneranzko bidearen ertz ugari eta zorrotzak leuntzeko orduan. Jabetu nintzen kolektibo diskriminatuek, oro har, nekez lor dezaketela beren lehentasunak finkatzea eta horiek gauzatzeko borroka antolatzea kolektibo diskriminatzailearen etengabeko ikuskaritzapean, libre(ago)aren bestelako ikuspegiaren morrontzapean. Finean, boteretsu(ago)ak berera ekarri nahi izango dituelako lorpenak, eta lorpenok lortzeko moduak, eta ezarri nahi izango dituelako bere erritmoak, mantsoagoak beti. Berdintasunik gabeko jendartean jendartearen erdiak maila bat beherago segitzen duenean, eskailera propioa behar duelako nondik eta nola igo erabakitzeko. Gabekoaren ahalduntzeak ez dakar baduenaren ahulezia, ez eta inolako erdeinu motarik ere, askoz gutxiago laguntzei uko egiteko asmorik. Esan gabe doa genero berdintasunaren aldeko jardunak funtsezkotzat dituela azken horiek, aldamenean espero dituela; inposatuta badatoz, ordea, emakumeon jarduketa eremuan geure gogoz kontra sartzen badira, «andronahikeria» usaina zabaltzen da. Orduan, berretsi baino ez dugu egiten emakumeon ahotserako bozgorailu premia. Boz hori ez dadin sasiberdintasunean lausotuta gera.

Donostiako Berdintasunerako Emakumeen Kontseiluari izena aldatu beharko diote gizonezkoen parte hartzea onartu dutela-eta, bertoko egungo kideen nahiaren kontra. Suminduraz adierazi zuten kideok, erakundea mistoa bihurtuz gero, aulkitik altxatu eta ospa egingo zutela, beren arrazoiak (arrazoiz) garbi azaldu ostean. Alde egin beharko dute, eta izugarri penatzen nau zein erraz ulertzen zaien gizonei zenbait stop seinalek eragiten dien iraina eta zer begirune gutxi erakusten zaien emakumeok, aurrekoekiko berdintasuna xede, emakumeon aurrerapenerako gidaturiko guneei.