MAY. 05 2015 LABek «enplegu suntsiketa» salatzeko kanpaina abiatu du Osakidetzan LAB sindikatuak «enplegu suntsiketa» eta «lan baldintza kaskarrak» salatzeko kanpaina egingo du maiatzan eta ekainean Osakidetzan. Honekin batera, Enplegu Publikorako Eskaintza (EPE) «eskasa» dela adierazi eta enplegu publikoa suntsituko dela ohartarazi du. GARA DONOSTIA LABek Osakidetzan abiatu duen kanpainak bi ardatz ditu. Batetik, hil honetan, «enplegu suntsiketaren» eta «nahikoa ez den» Enplegu Publikorako Eskaintzaren (EPE) inguruan arituko da sindikatua. Bestetik, ekainean, Osakidetzako langileek «jasan behar dituzten kontratazio eta lan baldintza eskasen aurrean» aldarrikapena egingo du. LABen iritziz, «eskasa» da Osakidetzak, «baldintzek behartuta», onartu duen EPEa, «langileok desmobilizatzea eta negoziazio eta elkarrizketaren irudia ematea baitu helburu», salatu du sindikatuak. Gainera, enplegu eskaintza hau deitzea «urrats garrantzitsua» dela uste badu ere, azken urteotako «ez nahiko» ereduari segida ematen dion EPEa dela adierazi du. Aipatutako enplegu eskaintzak 1.014 plaza aurreikusten ditu 2014-2015 urteetarako: horien erdiak promoziorako dira, baina, LABek aipatu duenez, «gaur arte Osakidetzak ez digu argitu gelditzen diren hutsuneak emaitza fasearen bidez edo bitarteko kontratuekin beteko diren». Gainera, EPEa ez da kategoria guztientzako, sukaldariak, mantentze lanetako langileak eta beste lanpostu batzuk ez bailituzke kontuan hartuko, eta «ez ditu euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzen, ezta euskara ikasi duten langileen esfortzua saritu ere». «Eredu zaharkitua» Osakidetzak aurkeztu duen EPEaren oinarrien zirriborroa «aurreko eredu zaharkituan» oinarritzen dela ere salatu du LABek: «Soilik aldaketa txiki batzuk sartu dituzte, mahai sektorialeko sindikatuok eredu kaskar honen gaineko ‘ekarpenak’ egitera gonbidatzen gaituztelarik». Sindikatuak gaineratu duenez, «gauzak ez dira honela egiten». Kontratazio ereduaren gaineko benetako elkarrizketa eta negoziazioa «urgentea» dela azpimarratu du LABek, «baina inertziarik gabe eta inplikaturiko eragile guztien parte-hartze demokratikoa ziurtatuz». Horregatik, 2011n aurkeztutako eredu propioa hartu du abiapuntutzat, «behin azterketa gaindituta nota hori mantenduko zela hurrengo deialdietan, zeinetan nota igotzeko izena eman zitekeen», esanez amaitu du. EPE-ASindikatuaren arabera, «3.000 behin-behineko lanpostu suntsitu dira Osakidetzan, gaur egun 9.000 ebentual daude eta 2018ra bitarte urtean 600 bat langilek erretiroa hartuko dute». Gainera, EPEaz gain, «enplegu publikoa suntsituko dela» nabarmendu du LABek.