MAY. 09 2015 Aizkora Faborito nagusiei iritsi zaie garaia Aitzol Atutxa, egungo Euskal Herriko txapelduna, Iñaki Azurmendi, JonRekondo eta Arria V.a gaur eta bihar sartuko dira Urrezko Aizkorako lehian. Jon LEUDA Urrezko Aizkora unerik garrantzitsuenera iristen ari da, eta, hala, izen handienak ere lehian ikusiko dira. Tartean izango dira egungo Euskal Herriko txapeldun Aitzol Atutxa, Iñaki Azurmendi eta Arria V.a ere. Aurreneko norgehiagoka Zeanurin izango da gaur eguerdian, 12.30ean hasita, eta han izango dira Aitzol Atutxa, Arria V.a, Juanjo Lopez eta Ruben Saralegi. Saio honetan finalerdietan aritzeko bi txartel egongo dira jokoan; beraz, asko jokatzen dute aizkolariek. Aitzol Atutxa eta Arria V.a izango dira saioak irabazteko faborito nagusiak. Dena dela, bientzako aurreneko saioa da, eta horiek beti dira arriskutsuak. Lopezek ere aurreneko neurketa izango du, eta Saralegik, aldiz, hirugarrena. Bihar izango da maila honetako beste kanporaketa Gaubeako Villanuevan, 12.30ean, eta bertan beste lau aizkolari arituko dira finalerdietarako txartela lortzeko asmoz. Jon Rekondo, Iñaki Azurmendi, Felix Etxeberria eta Joseba Otaegi lehiatuko dira. Horretan ere izen handiak, Euskal Herriko finaletan aritzen diren aizkolariak, jardungo dira. Otaegirentzat bigarren saioa izango da eta gaineratzekoentzat, aurrenekoa. Zuhatzu Kuartangon, berriz, bihar, 12.30ean, 19 urtetik beherakoen lehiaketa jokatuko da, eta horretan Kañamares IV.a, Vicente II.a, Larrea III.a eta Etxeberria II.a arituko dira. Sokatira Sokatiran, Lur Gaineko Euskal Herriko Txapelketako bigarren saioa jokatuko da. 680ko mailan izango da gaur, 17.30ean hasita, Bilboko Zorroza auzoan. Goiherri A, Goiherri B, Gaztedi A, Gaztedi B, Gaztedi C eta Mutriku izango dira lehian arituko diren taldeak. Aurreneko jardunaldian, Gaztedi A eta Goiherri A lehenengo postuan berdinduta geratu ziren.