MAY. 09 2015 HELDUEN LITERATURA Modu egokian desegoki izaten Estibalitz EZKERRA Peter Zuazo postaria da lanbidez. Hobeto esanda, hala zen elbarri utzi zuen istripua izan zuen arte. Errua Zuazo eta bera gidatzen ari zen motorra aurretik eraman zituen autobus gidariari egotzi zion ertzaintzak, positibo eman baitzuen analisi toxikologikoan. Zuazorentzat, ordea, gertatutakoaren ardura osoa bere nagusiak du, Barrenetxeak. Hark behartu zuen motorra hartzera nahiz eta behin ere ez zuen halakorik gidatu, berea eta gaixo zegoen lankide baten banaketa eremua betetzeko. Ospitaletik bueltan lantokira itzuli zen egunean, lankideak agurtzeko, Barrenetxeari adi ibiltzeko xuxurlatu zion belarrira. Nagusi ohiari mehatxu egiteak on egin zion, eta “Postariaren mendekua” ipuin-bildumari izena ematen dion narrazioari kasu eginez gero, bete ere bete zuen bere mendekua. “Postariaren mendekua” lanaz gain, poema-bilduma bat idatzia du Zuazok, “Uzkitik isuritakoak”. Aspaldi argitaratu zituen biak, bakoitzetik ale batzuk ere saldu zituen, baina oro har nahiko oharkabean igaro zien biak. Zuazo poztu egiten da horrekin, ez baitaki nola hartuko lukeen ingurukoek bere lana irakurrita daukatela jakitea. Kontua ez da lotsa, baizik eta egokitasuna. Hots, bere lana ez da irakurleria zabal batentzat egokia. Dena den, jendeak zer pentsa dezakeen bost axola dio. Izan ere, Zuazo anakoreta bat da; ez ditu pertsonak gorrotatzen, baina haiekin tratuan egoteak nekatu egiten du. Nahiago du bere kabuz ibili, horrek azken hiru urteetan bere eskuaren laguntzaz masturbatzera eraman badu ere. Horregatik harrigarria da, baita Zuazorentzat berarentzat ere, Desegokituen Elkartea delakotik jardunaldi batzuetan parte hartzeko gonbidapenari baietz esan izana. Jardunaldien gaia desegokitasuna da, eta elkarteko kideen ustez postari ohia hizlari ezin aproposagoa litzateke. Antza denez, gutxi izanagatik ere zale porrokatuak ditu bere obrak. Jardunaldiek ez diote interes handirik pizten Zuazori. Nola hitz egin dezake batek desegokitasunaz modu egokian? Elkarteko lehendakaria, baina, bestelako kontua da. Purgatorio tabernan izandako lehen elkarrizketatik gogoko du Zuazok Odile Mores. Tira, bere amets eta fantasia erotiko-pornografikoak kontuan hartuta, gogoko izatea baino zerbait gehiago da harekiko sentitzen duena. Hala ere, misantropo on legez, hasieratik baztertzen du Odilekin harremanik izatearen aukera. Lan gehiegi litzateke hori. Hilerriaren parean kokatuta dagoelako jarri zion Purgatorio izena tabernari jabeak, Anselmo Garciak. Diktadura garaian izan zen hori, 1960ko hamarkadan. Ikuspuntu erlijioso batetik izen desegokia zelako izena ataritik ezabatzeko agindu zion Garciari poliziak, baina gertaeraren ondorioz herri osoan zabaldu zen Purgatorioren ospea. Gaur egun ere izen horrekin ezagutzen dute tokikoek. Bertan hartu zuten Desegokituen Elkarteko kideek desegokitasunaren gaineko jardunaldiak antolatzeko erabakia. Ketchup poto batekin apaiz batek izandako erasoak zerikusirik izan zuen. Liburuko izenburuak berak adierazten duen bezala, jende desegokiz beteta daude Gaizka Zabartek idatzitako orriak. Horietako batzuk desegoki jaio ziren, Zuazo esaterako, beste batzuk xede hori dute buruan. Baina hara paradoxa: desegokitasuna bera zehazki zer den, eztabaidagai dago liburuko pertsonaien artean. Jardunaldietan ikuspuntu ezberdinetatik helduko diote gaiari, teorikotik zein praktikotik. Jakina, Zuazo izango da guztietan desegokiena, kanonaren eta sistemaren kontra altxatzen den egile alternatibo bezala. Hain zuzen, literaturaren gaineko eztabaiden itxura handia dute Desegokien Elkarteak antolatutako solasaldiek; aditua, kritikoa, sortzaile-gurua, sortzaile alternatiboa... denak daude ordezkatuta, modu egokian ordezkatuta egon ere, beren absurdotasunean arras barregarri azalduta.