MAY. 16 2015 Harri-jasotzea Aimar Irigoien buru dela jokatuko da Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketa Eizagirre, Izeta IV.a, Lopetegi, Otaegi eta Telleria II.a ere arituko dira bihar eguerdian errezildarrarekin batera, 12.00etan Beasainen jokatuko den finalean. Jon LEUNDA Aimar Irigoien buru dela jokatuko da Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketa. Errezildarra da faborito nagusia, parte hartzen duen txapelketa guztietan gertatzen den bezalaxe, eta bera mendean hartzea oso zaila izango dute gainerako guztiek. Finala bihar izango da Beasainen, 12.00etan, tren geltoki ondoan dagoen pilotalekuan. Iñigo Eizagirre, Izeta IV.a, Mikel Lopetegi, Jagoba Otaegi eta Urtzi Telleria izango dira lanean arituko diren beste harri-jasotzaileak. Txapelketa honetan jardungo diren guztiak dira oso gazteak. Kontuan hartu besterik ez dago Irigoien eta Izeta IV.a izango direla beteranoenak, eta biek ere oraindik 30 urte baino gutxiago dituzte. Hori, dudarik gabe, oso berri ona da, kirol hau ere oso osasuntsu dagoela ikusten baita. Lehia bigarren posturako izango da, eta hor borroka polita izan dezakete Izeta IV.ak eta Telleria II.ak. Besteak, berriz, oraindik 20 urteren bueltan dabiltzanak dira gehienak, eta euren arteko dema ere oso polita izan liteke. Zaleek gazte jendea ikusi nahi dute, eta Beasainera joaten denak horretarako aukera ederra izango du. Kirolari bakoitzak 10 arroako zilindro berria, 9ko kubikoa eta 8 arroako bola erabili beharko ditu, eta 3 minutuko txanda bana izango dute lanerako. Kilorik gehien jasotzea lortzen duen harri-jasotzaileak eramango du txapela. Aimar Irigoien bikain dagoela ikusi zen orain dela gutxi jokatutako Gorostidi Harria Txapelketan. Errezildarrak aise irabazi zuen lehiaketa hori, eta Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketan ere arazorik ez badu behintzat, txapela beretzat izan beharko luke. Zaleen erantzuna handia izatea espero da, horretarako gai asko ikusten baitira.