MAY. 17 2015 Gazteen %35ek uste dute gurasoek beren homosexualtasuna onartuko luketela Hogei urtez azpiko seiehundik gora gazte itaundu dituzte Ipar Euskal Herrian goi mailako lanbide heziketako bi ikaslek, homofobiaren indarra neurtzeko. Lege mailan aurrerapausoak izan direlako pozik agertu diren arren, sexu bereko pertsonak gustatzen zaizkienen aurkako erasoek etenik ez dutela gogorarazi du Bascos elkarteak. Horien erdiak interneten gertatzen direla diote gainera, eta bereziki, Twitter-en. Homofobiaren aurkako nazioarteko eguna da gaur. BAIONA Biarritzeko Atlantique goi mailako lanbide hezkuntzako bi ikaslek, Margaux Guillotek eta Anthony Terralek, Refuge elkartearen adar bat Lapurdin irekitzeko beharrik ba ote dagoen ikertu nahi izan dute. Euren sexu joera dela-eta bazterketa jasaten duten gazteak babesten ditu elkarte horrek. Horretarako, galdeketa bat egin dute Ipar Euskal Herriko sei ikastetxetan. 600 bat ikasle itaundu dituzte denera, gehien-gehienak hogei urtetik beherakoak, eta erantzun horiek jasoz ondorio «pozgarriak eta kezkagarriak» atera dituzte. Atentzioa eman dien lehena: galdekatutakoen %38k ez dute beren egunerokotasunean homosexuala den pertsonarik topatzen. «Kopuru altua» da hori, Guillot eta Terralen iritziz, sexu bereko pertsonak gustuko dituenen bat ezagutzen dutela aitortzen duten %62 horren aldean. Zer pentsatua eman beharko lukeena. Euren ikastetxean aipu homofoborik entzuten duten galdetuta, berriz, «bai, baina ez sarri» erantzun dute ia erdiek. Zehazki, %45ek. Laurdenak, ordea, «ez da naturala, ez luke horrelakorik behar» edota «nork egiten du emakumearena» bezalako ateraldiak nahiz birao eta gaizki-esan homofoboak sarri entzuten dituela dio. Kopuru bera da sekula halakorik entzun ez dutenena. Eredu klasikoa lagun Harreman eredu tradizionala duten bikote homosexualak gehiago onartzen dituzte galdekatutakoek. Alde horretatik, ezkontza edota haurren adopzioa bezalako urratsek harreman horiek normaltzat jotzen laguntzen dute. Norbaitek sexu bereko norbaitekin hasi dela, ezkonduko dela eta harekin haurren bat adoptatuko duela iragarriko balie itaunduek izango luketen erreakzioa aztertu dute horretarako. Harremanaren irudia zenbat eta bikote tradizionalera gehiago hurreratu, harreman hori orduan eta onargarriagoa egiten zaiela jabetu dira Guillot eta Terral. Galderei erantzun dietenen erdiak baino gehiago lehenik «harritu» egingo lirateke lagun hurbilen batek sexu bereko norbaitekin hasi dela aitortuko balie, baina ez luke inongo eragozpenik izango. Oroz gaindi eta «baina»-rik gabe lagunarekiko poza sentituko luketenak laurdena dira. Zertxobait gutxiago, %19, berriak gaizkituko lituzketenak. Ondoez hori muturrera eramango luketenak, harekiko harremana etetera alegia, oso gutxi dira (%4). Itzalik gabeko poz hori sentituko luketenak, ordea, %28 ez baizik eta %43, lagunak sexu bereko norbaitekin ezkontzera doala iragarriko balie. Horren ordez haurra adoptatzera doazela jakinaraziz gero, horixe opatzea eta babesa erakustea litzateke %65en jarrera. Jauzi esanguratsua. Hiru berri ezberdin horien aurrean ezadostasuna agertuko luketenen edo gaizki irudituko litzaiekeenen kopuruak bere horretan jarraitzen du, %16-24 artean hiru kasuetan. Gurasoei homosexualak direla aitortu beharko baliete, haiek izango luketen jarreraz zein uste duten ere galdetu diete. Gehin-gehienek estutasunean ikusten dituzte munduratu zituztenak. Beren gurasoek berria ez luketela ez ulertuko ez onartuko irizten diote ia erdiek, gatazka iturri izango litzatekeela. Bostetik batek soilik ikusten ditu bere gurasoak albistea inolako arazorik gabe onartzen. Gainerako %35ek besteek usteko dutenarekin kezkatuta ikusten ditu gurasoak, nahiz eta ulertuko luketen. Haiek arazorik ez Lagunartean dabiltzala homosexualen bat ezagutuko balute heterosexualekin duten jarrera bera izango luketela dio galdekatutakoen gehiengo zabal-zabalak, ia hiru laurdenek. %22 dira ezeroso sentitu baina formak gordeko lituzketenak, eta %6, egoera horretatik lehenbailehen ihes egingo luketenak. Sexu bereko norbaitekin harremanik izan duten galdetuta, %88k ezetz erantzun dute. %5ek diote noizbehinka badutela harreman homosexualen bat. Udazkenerako harrera gune bat irekitzeko asmoa dago Baionan Bascos LGBT elkarteak homofobiaren eta transfobiaren errealitatea ekarri nahi izan du gogora jarrera horien aurkako nazioarteko egunean. Hori dela eta, lagunarteko hizketaldi bat eta film laburren emanaldia antolatu zituzten ostiralean Baionan, Txalaparta lokalean. Lapurdiko hiriburuko Laffitte kalean dago elkartearen informatze eta sentsibilizatze gune hori. Lan horretan beste urrats bat egin, eta Txalaparta atzean harrera gune bat eta nora joan izateko toki bat prestatzeko gogoetan murgilduta dabiltza Bascosekoak. Homofobiaren biktima direnei laguntza osoagoa eman nahi liekete horrela. Pozik daude lege mailan emandako aurrerapausoekin, sexu bereko ezkontzak onartzearekin, esaterako; ez ordea batzuek homosexualtasunaren aurrean izaten duten jarrerarekin. Erdeinua eta mespretxua hor direla salatu dute, tarteka eraso fisikoak ere bai. Bereziki kezkatuta daude Interneten eraso homofoboek daukaten maiztasunarekin. Salatutako erasoen erdiak, hain zuzen, sarean gertatua direla azpimarratu dute, eta bereziki, Twitter bidez egiten dela eraso. Biarritz Atlantiqueko bi ikasleen ikerketak lanean jarraitzeko beharra bistaratzen duela argi dute. G. M. Z. EZAGUNIK EZHomosexualen bat ezagutzen ote duten galdetuta, %38k ezetz erantzun dute, ez dutela beren egunerokoan sexu berekoak gustuko dituen inor ezagutzen. ERAGOZPENIK EZLautik hiruk onartu dute jarrera bera izango luketela heterosexual eta homosexual batekin. %6k alde egingo lukete. Ezeroso sentitu arren, itxura gordeko lukete gainerako %22k.