GARA
DONOSTIA

Donostiako Udala hiriko gune kritikoak eraldatzen hasiko da

Donostiako Udalak emakumeen segurtasunerako hiriko puntu kritikoen mapan jasotako hainbat gune hobetzen hasiko da datorren astean. Hirigintza eta mantentze-lan jarduerak izango dira. Guztira 41 tokitan identifikatu dituzte zailtasunak, hainbat pertsona eta eragilerekin egindako gogoeta kolektiboari esker. Eraso sexistak bukatzea da azken helburua.

Eraso sexistarik gabeko hiria xede, hiriko gune kritikoak identifikatzeko lanketa bat egin zuen Donostiako Udalak herritar eta eragileekin batera. 41 gune «zail» aurkitu zituzten eta horietan egin beharreko lanak ere aurkeztu zituzten. Orain hurrengo pausoa emango dute, horiek gauzatzen hastea.

Naiara Sampedro Berdintasuneko zinegotziak atzo iragarri zuenez, adostutako lehentasunen arabera hasiko dira esku hatzen, bai eta neurri zehatzak hartzen ere, argitasuna, landaretza eta irisgarritasuna hobetzeko eta zailtasunik duen eremurik ez sortzeko, hala nola, leku ilunak, tunelak, igarobideak eta igogailuak. Sampedrok azaldu zuen, gune publikoetan aurreikusitako neurriez gain, udal araudi urbanistikoak ere generoaren ikuspegitik aztertzen ari direla.

Ispiluak, landareak...

Nora Galparsoro Hiri Azpiegituretako eta Zerbitzuetako zinegotziak azaldu zuen zehazki non jardungo duten, eta lehenik ispiluak jarriko dituztela esan zuen: «Datorren astean, bederatzi puntutan jarriko ditugu ispiluak. Horrez gain, aipatzekoa da identifikatutako 23 puntutan landaretza zaintzeko lan bereziak egiten ari garela. Gero, argiteria berrikusiko dugu».

Ispiluak ondoko tokietan jarriko dituzte: Aldapeta-San Bartolomeko eskailera; Ategorrietako geltokia; Oletako lurpeko igarobidea, Altzan; Herrerako lurpeko igarobidea; Katalina Eleizegiko lurpeko igarobidea, Morlansen; La Anunciata ikastetxeko lurpeko igarobidea, Altzan; Berra bideko 19. zenbakiaren eta Casares kaleko 7. zenbakiaren artean dagoen leku ezkutua; Julimasene eta Txingurri arteko bidea, Intxaurrondon, jende gutxi ibiltzen baita; eta Zorroagako lurpeko igarobidea.

Zinegotziak jakinarazi zuen lorezaintza lanak egin dituztela Lorategi Hiriaren eta Zorroaga pasealekuaren arteko oinezkoen aldean, hango garbitasuna eta egoera hobetzeko. Gainera, bi eskailera hobetuko dituzte, egiturak saneatzeko: «Baztango eta Kapitaiñeneko eskailerak garbitu eta margotu egingo ditugu. Lan hori egin dute dagoeneko La Anunciatan. Larratxoko igogailuan, berriz, ikusgarritasuna hobetuko dute, horma gardenak jarriz». Lan horiek egiteko inbertsioa 190.000 eurokoa izango da.

Ricardo Burutaranek, bestalde, puntu kritikorik ez izateko, hirigintza arloan hartuko dituzten neurrien berri eman zuen. Etorkizuneko Donostia genero ikuspegia kontuan hartuta diseinatzeko helburuarekin, jada Eraikuntzako Ordenantza Osagarriak aldatzen hasteko lanean ari direla esan zuen, zehazki, atarien atala, «etxe atarietara sarbide zuzena izateko eta potentzialki arriskutsuak izan daitezkeen guneak saihesteko».

 

Bost ikerlarik jasoko dute memoria feministaren beka

Donostiako memoria feministaren inguruko beka bost ikerlariz osatutako talde batek jasoko du. Tokiko Gobernu Batzordeak asteon esleitu du proiektu irabazlea: “Hamaika historio feminista, hamaika aurrerapauso Donostian”. Maria Silvestre, Raquel Royo, Ester Escudero, Estibaliz Linares eta Lia Gonzalez dira kideak. Bekak 15.000 euroko aurrekontua dauka eta sei hilabeteko epea egongo da ikerketa burutzeko. Beste bi lan aurkeztu dituzte deialdira. GARA