GARA Euskal Herriko egunkaria
Harri-jasotzea

Bi eskolen arteko desafioa izango da Aian


Dema oso polita iragartzen da gaur Aian, 18.30etik aurrera, Izeta II.aren eta Ostolatzaren eskolen arteko dema izango baita, eta irakasleak ere tartean izango dira. Gazte asko ari dira bi kirolari handi hauek dituzten eskoletan, eta gaur horietako asko ikusteko aukera izango da. Hamasei harri-jasotzaile izango dira nor baino nor, zortzi harrirekin, eta denak bina minutuko txandak izango dituzte. Kilorik gehien jasotzen dituenak irabaziko du.

Izeta I.a eta Ostolatza hasiko dira lanean, eta hauek 200 kiloko errektangularra erabili beharko dute. Ondoren, Izeta IV.aren eta Eizmendiren txanda izango da, eta hauek 125eko kubikoarekin arituko dira.

Izeta III.a eta Kortaberri iritsiko dira atzetik, eta hauek, berriz, 150eko zilindro zaharrarekin jardungo dira lanean. Ondoren, Lopetegi eta Urrutia arituko dira nor baino nor, eta hauek 125eko koparekin jardungo dira. Hauen atzetik, Otaegi eta Maiza plazaratuko dira, 100eko kubikoarekin aritzeko. Atzetik, Eizagirre eta Galarraga lehiatuko dira, eta hauek 100eko bola izango dute lanerako.

Ondoren Izeta II.a eta Martikorena arituko dira 100eko koparekin, baina ez dira berdin jardungo. Izetak esku batekin jaso beharko du, eta Martikorenak, birekin. Azkenik Xabat eta Mujika lehiatuko dira. Aurrenekoa 100eko zilindro zaharrarekin, eta bestea 88koarekin.

Guztira hamasei harri-jasotzaile lehiatuko dira, eta batzuk ezagunak eta asko ikusitakoak badira ere, beste batzuk berriak ere badira. Tartean aspaldian gutxi ikusitakoak ere izango dira. Izeta I.a ez baita asko ibiltzen. Hauez gain, Idoia Etxeberriak ere saio bat egingo du, eta 140ko errektangularrarekin arituko da lanean, bi minutuko txanda bakar batean. Saio hau bertatik bertara ikusteko, sarrerak 10 euroren truke egongo dira salgai leihatilan.

Sokatira

680koa amaituta, 640koaren txanda izango da orain, eta gaur bertan abiatuko da Mutrikun, Galdona auzoan, hantxe jokatuko baita aipaturiko mailako aurreneko jardunaldia, 17.30ean.

680koan aritu ziren talde berak jardungo dira lanean, ez da aldaketarik izango. Mutriku, Gaztedi A, Gaztedi B, Gaztedi C, Goiherri A eta Goiherri B arituko dira nor baino nor. Pisu handian Goiherri A izan zen nagusi, baina borroka handia izan zuen Gaztedi A taldearekin, eta berriro ere pisu honetan gauza bera espero da. Bi talde hauek aterako dira faborito, eta ligaxka erara jokatuko denez, hasieratik irabaztea komeni da. Pisu handian, hirutik bitan berdinduta amaitu zuten, eta bestea Goiherrik irabazi zuen, eta horrek eman zion txapela.

Hirugarren posturako ere lehia ederra izan zuten Goiherriren eta Gaztediren bigarren taldeek, eta oraingoan ere ez dira gutxiago izango. Mutriku etxean arituko da, eta aurreko jardunaldietako emaitzak hobetzen saiatuko da.