GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora

Buruz Buruko finaletan izateko azkeneko txartelak banatuko dira Azkoitian

Iñaki Azurmendi eta Ander Erasun neurtuko dira gaur arratsaldean Gurean,eta leku berean 23 urtez azpikoen mailako finalerdia ere jokatuko da.


Urrezko Aizkora amaierara heltzen ari da, eta gaur Azkoitian jokatuko diren bi finalerdiekin lehen fasea erabakita geratuko da, eta Azpeitian jokatuko den finalean maila ezberdinetan arituko diren aizkolari guztien izenak ezagutuko dira.

Azkoitiko Gurea pilotalekuan jokatuko da maila nagusiko azkeneko finalerdia, eta baita 23 urtez azpikoena ere. 18.30ean emango zaio hasiera finalaren atariko azkeneko ekinaldiari.

Maila nagusian, Iñaki Azurmendi eta Ander Erasun arituko dira. Aizkolari bakoitzak lan ezberdinak egin beharko ditu, eta horietako denbora guztiak batutakoan onena duenak lortuko du garaipena.

Bien helburua irabaztea da, horretan ez dago dudarik, baina iraupen probara arte biek joan nahiko dute parean. Lan motzetan badakite alde handia kentzea zaila izango dela, baina galdu ere ez dute egin nahiko, bestela azkenekoan buelta ematea agian zaila izango baita.

Iñaki Azurmendi aterako da faborito. Arriarangoak eskarmentu handia dauka, eta egun dagoen aizkolaririk onenetakoa ere bada. Erasun oraindik gaztea da, behetik gora indarrean datorren horietakoa da nafarra, baina honelako finalerdietan nerbioek eta eskarmentuak ere zeresan handia izaten dute.

Ekainaren 6an Azpeitian jokatuko den finalerako, jadanik bi aizkolari sailkatuta daude: Donato Larretxea eta Aitzol Atutxa. Azkoitiko saiotik aterako da hirugarren aizkolaria.

23 urtez azpikoak

Maila nagusiko finalaz gain, 23 urtez azpikoa ere jokatuko da, eta kanporaketa honek ere sekulako ikusmina piztu du. Bertan, Eneko Otaño, Eneko Saralegi, Iker Vicente eta Julen Alberdi lehiatuko dira. Azken hau Azkoitikoa da, herrikoa beraz, eta Otaño Beizamakoa. Bi horiek jende asko eramango dute saioa ikustera, eta bi nafarrek ere indar handia hartu dute, batez ere Vicente II.ak. Bera da lehiaketa honetako gazteena, baina sekulako lanak egiten ari da, eta etorkizunari begira jarrita oso kontuan hartu beharreko aizkolaria da.

Hauek ere lan ezberdinak egin beharko dituzte, eta bi denborarik onenak sartuko dira finalean. Faboritoen zerrendan, Vicente eta Otaño agertzen dira, edo hori da, behintzat, zaleek uste dutena, baina lanak luzeak ez dira, eta deskuidu txiki bat egitea nahikoa izango da edozein sartu eta edozein kanpoan geratzeko. 

Finalerdia izanda, eta oso gazteak direla kontuan hartuta, nerbioek ere zeresan handia izango dute, eta horiek ongien kontrolatzen dituenak ere irabazteko asko izango du. Vicentek 18 urtez azpikoen finala jokatzeko txartela ere eskuratuta dauka, baina 23 urtez azpikoena lortzen badu, hori jokatuko du. Dudarik gabe, lehia ederra eskainiko dute aizkolari hauek, eta zaleek erantzungo dute.