MAY. 28 2015 LURRAREN ETA ESPAZIOAREN ARTEKO ILUNTASUNEAN GALDUTAKO ONTZIA Pentsa dezakegu espaziora bidaltzen diren ontziek bide erraza dutela euren helmugara iristeko, azken batean espazioa hor goian dago, lerro zuzen batean. Baina han goian ere mugimenduak daudenez, galtzea uste baino errazagoa da. Azkena Progress motako ontzi bat izan da. Nagore BELASTEGI Ez dago udako gau garbi batean, zelai batean etzanda, izarrei begira Lurraren mugetatik harago zer dagoen imajinatu ez duenik. Baina zailagoa da pentsatzea han, izarren distiraren artean mugitzen den plataforma batetik badirela astronautak guri begira. Nazioarteko Espazio Estazioa (ISS, ingelesez) 1998. urtean jaio zen eta 2000tik geroztik pertsonak bizi dira bertan misioak betetzen. ISS bost lurraldetako espazio-agentzien esku dago: NASA (Ameriketako Estatu Batuak), RKA –edo Roscosmos– (Errusia), JAXA (Japonia), CSA (Kanada) eta ESA (Europa). Estazioak sei pertsona eraman ditzake eta lau laborategi ditu astronautek ikerketak egin ditzaten Lurra orbitatzen duten bitartean. Moduluz modulu osatzen joan dira eta oraindik ez dago amaituta. Astronautak ISSra joaten direnean aldi baterako probisioak eramaten dituzte, baina bertan igarotzen dituzten hilabete luzeak igarotzeko ez dira nahikoak eta beharrezkoa da noizean behin jenderik gabeko eta hornigaiz betetako ontziak bidaltzea. Horiek bidean galtzea ez da hain zaila, espazioa oraindik ere oso ezezaguna zaigulako, eta, gertu dagoela eta irisgarria dela iruditzen bazaigu ere, garaiera batetik aurrera ez da erraza bertara bidaltzen dena kontrolatzea. Izan ere, duela gutxi izan zuten azken gorabehera. Enpresa desberdinek prestatzen dituzte ontziak eta txandaka bidaltzen dituzte ISSra eta, orbita berean daudenean, bertara txertatzea lortzen dute. Apirilaren 28an Roscosmosek “Progress M-27M” ontzia (NASAk “Progress 59” deitzen dio) bota zuen Kazakhstango Baikonur kosmodromotik. Ontzia Soyuz kohete batek jarriko zuen orbitan, baina jaurti eta gutxira arazoak izaten hasi ziren. Ontzia Soyuz kohetetik askatu behar zen unean lurretik kontrolatzen ari ziren adituekin komunikazioak eten ziren eta ezin izan zuten konprobatu ea ISSrekin bat egiteko beharrezkoak ziren antenak zabaldu ziren eta propultsio sistemaren presurizazioa gertatu zen. Egunean bertan jakin zuten “Progress 59” ez zela bere helmugara iritsiko. Hasierako planaren arabera, sei ordutan lau orbita egin beharko lituzke lurraren inguruan ISSren mailara iritsi eta berarekin bat egiteko. Baina arazoak izan zirenez, bi egunetan 34 orbita egiteko agindua bidali zioten denbora horretan jasandako norabide aldaketa zuzentzeko asmoz. Hala ere, lehenengo orduan konturatu ziren ontzia bere ardatzean biraka ari zela eta bost segunduro osatzen zuela bira oso bat. Elkarlanean, Lurrean eta espazioan Estazio espazialean sei astronauta daude une honetan. Terry Virts (NASA), Samantha Cristoforetti (ESA) eta Anton Shaplerov (Roscosmos) kosmonautek 43. Espedizioa osatzen dute eta maiatzaren 13an itzultzekoak ziren Lurrera, baina arazo honen ostean atzeratu egin da beraien itzulera. Bestalde, Scott Kelly (NASA) eta Mikhail Kornienko eta Gennady Padalka errusiarrak ere 43. Espedizioko kideak dira, baina 44. Espedizioa ere burutuko dute beste kide batzuk iristen direnean. Nahiz eta galdutako ontziak ikerketarako hornigaiak eta bizigaiak garraiatzen zituen, adituek diote astronautek badutela bizirauteko adina oxigeno eta elikagai. Hori dela-eta, ontziak 40 kilometroko desbideratzea zuela ikusirik, maiatzaren 1ean erabaki zuten ez zirela “Progress 59”-a berreskuratzen saiatuko eta noizbait Lurrera itzuliko zenez, noiz eroriko zen eta non zehazten saiatu ziren. Balistikan adituz osatutako errusiar talde bat Houstoneko Misioaren Kontrolerako Zentroko eta ESAko kideekin elkarlanean aritu zen ontziaren ibilbidea jarraitzeko eta espazioan dauden bestelako zundekin zein hegazkinekin istripurik egon ez zedin zegokionari informazioa helarazteko. Maiatzaren 8an Roscosmosek mezu bat zabaldu zuen Twitter bidez, non adierazi zuen “Progress 59” ontziak atmosfera zeharkatu zuela Ozeano Pazifikoaren parean. Hala ere, ez NASAk ez Roscosmosek ez zuten aipatu ea ontziaren piezarik itsasora erori zen edo ez. Maiatzaren 13aren muga igarota, martxotik espazioan dauden eta 44. Espedizioan parte hartuko ez duten 43. Espedizioko kideei etxera itzultzeko eguna noiz iritsiko zaien zain egotea besterik ez zaie gelditzen; segur aski ekain hasieran ekarriko dituzte bueltan eta beste hiru astronautak ISSn geldituko dira irailera arte. Hurrengo hornidura ontzia, berriz, ekainaren 19an bidaliko dute. Oraingoan NASAri tokatzen zaio ontzia bidaltzea eta SpaceX enpresaren bitartez egin ohi dute estatubatuarrek. Era berean, horrek lehenengo nazioarteko konexio egokigailua eramango du. Tramankulu honi esker etorkizuneko tripulatutako ibilgailu komertzialek ISSn atrakatu ahalko dute. Bestalde, uztailaren amaieran Soyuz espazio-ontzi batek beste bi astronauta eramango ditu estaziora bertan zain izango dituzten beste kideekin batera 44. Espedizioa hasi dezaten. Espedizio berri honen lehenengo partea maiatzean hastekoa zen, baina ontziarekin gertatutakoaren ostean pixka bat atzeratuko da. Hala ere, kide berriak iristen direnean bigarren parteari ekingo diote eta irailera arte luzatuko da. Orduan orain dauden hiru astronautak, Padalka, Korniyenko eta Kelly, etxera itzuli ahalko dira eta iritsi berriak bertan geldituko dira hurrengo espedizioa osatzeko lantaldea iritsi arte. Beste ontzi batzuk gehiago... “Progress 59” ontzia galdu izana galera handia izan da. Izan ere, 880 kilo gas propultsatzaile, 50 kilo oxigeno, 420 kilo ur eta 1.400 kilo ikerketa hornidura garraiatzen zituen, horien artean estazioaren ingurumen kontrolerako beharrezkoak ziren hainbat pieza. Ezin da esan honelako gertaerak ohikoak direnik, agentzia espazialek ondo kalkulatzen dituztelako euren ontzien bidaiak, baina batzuetan gertatzen dira eta arrisku hori dagoela ulertzen dutenez, hornidurak bidaltzen dituzten bakoitzean behar baino gehiago bidaltzen dituzte. Hala, orain ISSn dauden astronautek udazkenera arte bizirauteko adina bizigai dituzte. ISSra joateko programatuta zegoen ontzi baten azken istripua 2014ko urrian gertatu zen. Izan ere, urriaren 27an bota behar zuten Antares kohetea Virginiako estatuan dagoen Wallops irlatik, baina inguruan itsasontzi bat zebilela eta, egun batez atzeratu zuten jaurtiketa. Azkenean, ikusmin handia piztu zuen jaurtiketa gertatu eta segundo gutxira ontziak eztanda egin zuen lekuko askoren aurrean. Honek 2.200 kilo hornigai zeraman. Abenduan beste saiakera bat egin zuten eta oraingoan bai, arrakasta izan zuten. 2015eko apirilaren erdialdean SpaceX konpainiak Dragon kapsula bidali zuen Floridako jaurtiketa gunetik. Honek ere ia bi tona janari, oxigeno, ur eta ikerketarako material eraman zituen espaziora. Bi egunetako bidaiaren ostean ISSrekin bat egitea lortu zuen arazorik gabe. Horregatik dakite astronautek ez dutela inolako arriskurik; hauek panoramaz gozatu ahal izango dute egun batzuk gehiagoz. Nora joango zara oporretan? Nazioarteko espazio estaziora! Ez dugu esango espaziora oporretan joatea edozeinen eskura dagoenik, ez baita egia: oso aberatsak direnen eskura besterik ez dago. Hala ere, badirudi turismo espaziala pixkanaka arruntagoa bilakatzen ari den zerbait dela. Hala, Nazioarteko Estazio Espazialean egonaldia egingo duen hurrengoa Satoshi Takamatsu publizista izan daiteke. Proba guztiak gainditzea lortzen badu bera izango da espaziora turista moduan doan lehenengo japoniarra. Bidaia mota hauek Space Adventure enpresak prestatzen ditu, eta berez, espazioko zortzigarren turista Sarah Brightman soprano britainiarra izan behar zen, baina ez ditu probak gainditu eta Takamatsu da zerrendan hurrengoa. 52 urteko japoniarrak astronauta izateko entrenamenduak urtarrilean hasi zituen Errusiako “Izarren hirian” eta oraingoz ondo doa dena. Takamatsu Japoniako publizitate exekutiborik garrantzitsuena da. Hori dela-eta, bidaiak balio duen dirutza ordaintzeko gai da (20 eta 40 milioi dolar artean). Irailean joango da ISSra Serguei Volkov eta Andreas Mogensen astronautekin batera 45. Espedizioaren barruan. Lurra espaziotik ikusteko aukera izan duten beste zazpi turista izan dira aurretik. Lehena Dennis Tito ingeniari estatubatuarra izan zen 2001ean. Honen ostean Mark Shuttleworth (Hegoafrika, 2002) eta Gregory Olsen (AEB, 2005) joan ziren. 2006an, Anousheh Ansari irandarra turismo espaziala egiten lehenengo emakumea izan zen. Charles Simonyi hungariarrak (Microsoft-eko exekutiboa) bi bidaia egin zituen, 2007an eta 2009an. Azken biak Richard Garriot britainiarra (2008) eta Cirque du Soleil-eko arte zuzendaria den Guy Laliberte izan ziren (2009).N.B.