Jon LEUNDA
Aizkora

Arria V.a berriro ere txapelketa ofizialetan ikusteko aukera izango da

Errezildarra bihar arratsaldean Aian jokatuko den Gipuzkoako BigarrenMailako Txapelketako aurreneko kanporaketan arituko da, 18.00etan.

Gipuzkoako Bigarren Mailako aizkolarien aurreneko kanporaketa jokatuko da bihar, 18.00etan, Aian, eta Arria V.a izango da kanporaketako berrikuntza nagusia. Errezildarrak urte asko eman ditu txapelketa ofizialetatik kanpo, eta bihar berriro ere lehian ikusteko aukera izango da.

Denboraldi asko pasatu zituen plazetatik kanpo, eta orain dela urte eta erdi itzuli zen Zalduaren aurkako apustuarekin. Ordutik beste bi desafio ere jokatu ditu, eta datorren abendurako beste bat ere badauka egina. Urrezko Aizkorara, berriz, orain dela aste gutxi itzuli zen.

Berarekin batera, Eneko Otaño, Mugertza III.a, Xabier Zaldua eta Joxemari Telletxea lehiatuko dira. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu beharko ditu. Aurreneko hiru denborarik onenak sailkatuko dira uztailaren 4an Usurbilen jokatuko den finalera.

Arria V.a izango da faborito nagusia, eta berarekin batera Eneko Otaño ere finalean ikusten dute zaleek, baina lana bihar egin beharko dute, eta amaieran ikusiko da, multzo honetatik zeintzuk sartuko diren azkeneko saioan. Dena dela, lana ez da luzea, eta saio estua izango dute.

Giza-proba

Giza-proban ere abiatzera doa Gipuzkoako Txapelketa, eta Mendaroko elizaren ondoko plazan jokatuko da gaur aurreneko jardunaldia, 18.00etan. Aurten lau talde bakarrik dira, eta lau jardunaldi jokatuko dituzte.

Mendaro, Itziar, Deba eta Berrobi arituko dira nor baino nor. Talde bakoitza zortzi kirolariz osatuta joango da, eta 660 kiloan sartuta. Harria, 900 eta 1.000 kiloren artekoa izango dute, eta 20 minutu izango dituzte lanerako.