GARA Euskal Herriko egunkaria
Hilberria

Apaiz, kazetari eta Ipar Euskal Herrian bertsolaritzaren sustatzailea


Atzo, 2015eko maiatzaren 31an, Emile Larre euskaltzain emeritua hil zen, Kanbon, 89 urte zituela. Apaiz, bertsolari, kazetari eta idazlea izan zen. Baita bertsolaritzaren sustatzaile eta eragile nagusienetakoa ere Ipar Euskal Herrian. “Herria” astekariaren zuzendaria ere izan zen, eta orain bertako ohorezko zuzendaria zen. Bere aldeko hileta elizkizuna datorren asteartean, ekainaren 2an, egingo da, Baigorrin, 15:30ean.

Oinarrizko ikasketak Baigorrin bertan egin ondoren, Uztaritzeko Seminario Txikian (1937-1944) eta Baionako Seminario Handian (1945-1951) ikasi zuen. Baionan apaiztu zen 1951eko ekainaren 29an. Irakasle aritu zen Mauleko ikastetxean (1944), baita Donibane Garaziko laborantza eskolan ere (1954-1956). Ondoren, apaiz lagunkide izan zen Hazparnen (1953) eta Urruñan (1956-1969). Hazparnen orobat misionest ibili zen 1962-1969 artean. Gero erretore izan da Aiherran (1969-1980), Irisarrin nahiz Suhuskunen (1980-1995), eta Donibane Garazin (1995etik aurrera). Hain zuzen, apaizgoaren urrezko ezteiak Donibane Garazin ospatu zituen 2001ean.

Euskal liturgian eta eliz testuen itzulpenean lan handia egindakoa da. Vatikanoko II. Kontzilioaren garaian hasi zen, 1964an, eta hainbat urtez Belokeko monasterioan liturgia latinetik euskarara itzultzeko bildu zen taldeko kidea izan zen. Dozenaka kantika berri idatzi edo zaharberritu zituen. Halaber, abesbatzak zuzendu eta bertsoari mezan tokia eman zion.

Izan ere, bertsolaritzaren sustatzaile eta eragile nagusienetakoa izan zen Ipar Euskal Herrian. Urruñan antolatu zuen lehen bertso saioa 1958an, Teodoro Hernandorenarekin, ehunka lagun bildu zituztela. Urruñan eta Aiherran hamarna urtez antolatu zituen halako saioak.

Epaimahaikide izan zen, orobat, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian (1962, 1965, 1967, 1982) eta Nafarroako Bertsolari Txapelketan hamar urtez (1984-1994), besteak beste. Bertso jarrien idazle zen, eta, Euskaltzaindiko lanari dagokionez ere, bereziki herri literaturaren arloan jardun zuen.

Kultur elkarteez den bezainbatean, Bertsularien Lagunak Elkarteko kide eta Euskal Herriko Eliza Kantarien Batasuneko sortzaile (1969) ere izan zen. Kirolari dagokionez, Pilotarien Biltzarreko arduradun ere aritu zen, pilotazale izateaz gain pilotari ere izan baitzen. Antzerkigintzan ere saiatua zen, Piarres Larzabalen eta Telesforo Monzonen eskutik.

Txikitatik hasi zen euskaraz idazten, Piarres Lafittek nahiz Eskualzaleen Biltzarrak antolatutako lehiaketetan. Gero “Herria” astekarian eta “Eskualdun Gazteriaren Gazte” (1956) hilabetekarian jarraitu zuen idazten, sarri Sokorri ezizenarekin. Beste hainbat aldizkaritan argitaratu zituen idazlanak: “Gure Almanaka”, “La Croix du Sud”, “Zeruko Argia”, “Herria 2000 Eliza”, “Mezulari”, “Jakin”, “Igandetan Elizan”, “Otoizlari”, “Elgar”, eta abar.

Dena dela, “Baionako Herrian” idatzi zituen lanik gehienak, 1969-2003 artean kazeta horren zuzendari izan zelako, Piarres Lafitteren (1944-1967) eta Jean Hiriart-Urrutiren (1968-1969) ondoren. Zuzendari zela erdietsi zituen astekariak 2000. zenbakia (1989) nahiz 50. urtemuga (1994). Hogeita hamahiru urte horietan itzelezko eginkizuna bete zuen milaka irakurle dituen agerkariak, nafar-lapurteratik poliki-poliki euskara baturantz abiatuta. Geroztik ohorezko zuzendari zen, eta Janbattit Dirazar, zuzendari.

Era berean, Jean Hiriart-Urrutik “Herrian” idatzitako artikuluak bildu eta argitaratu zituen bost liburutan (1977-1992), baita Jean Baptiste Etxeberriren hamairu liburu argitaratzeko bidean jarri ere (1959-1991). Bertsolariei dagokienez, hainbat egileren lanak bildu zituen: Ernest Alkat, Jean Pierre Mendiburu, Joanes Arrosagarai, Xanpun, eta abar.

Hurrengo sari eta ohoreak jaso zituen: Pilotarien Biltzarraren omenaldia; Argia Saria (1990); Bertsularien Lagunak Elkartearen eta Euskal Kultur Erakundearen omenaldia (Irisarri, 1992); Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen omenaldia Bertsolari Egunean (Donostia, 1992); Euskal Herriko Idazleen Biltzarraren saria (Sara, 1998); Euskal Idazleen Elkartearen omenaldia (Uztaritze, 1999), eta abar luze bat.