GARA Euskal Herriko egunkaria

Chasseriaux eta Lopez espetxeratu dituzte Le Vert epailearen aginduz


Laurence Le Vert Sail Antiterroristako epaileak hala aginduta, astelehenetik astearterabitarteko gauean espetxera eraman zituzten joan den astean Biarritzen atxilotutako Nathalie Chasseriaux eta Enrike Lopez.

Biei ala biei ETAko kide izatea eta «erakunde terrorista batekin lotura duten armak eta lehergailuak» edukitzea leporatu die ikerketaz arduratuko den epaileak.

Espetxeratu aurretik askatasunen eta espetxeratzearen epailearen aitzinetik ere igaro ziren.

Lopez Fresneseko presondegira eraman zutela jakin zen atzo, baina Chasseriaux, 38 urteko arkitektoa eta Cambarre etxearen jabea, zein kartzeletan dagoen ez zuten azaldu.

Zigilatuta ala ez?

Hain zuzen, etxe hartan 30 bat arma eta lehergailuak egiteko materiala atzeman zuen Poliziak. Arma horien jatorria eta zein asmorekin gordeta zeuden zehaztea izanen da epailearen ikerketaren helburua. Hedabide batzuek esan dutenez, arma horietako batzuk jada zigilatuak omen zeuden baina, France Bleu Pays Basque irratiak atzo iragarri zuenez, fiskaltzak gezurtatu egin du hala zeudela.

2014ko uztailaren 15ean armak zigilatzeko «egitura tekniko-logistikoa» abian jarriko zuela iragarri zuen ETAk. Egitura horren aurkako operazioa da, antza, Biarritzekoa.