JUN. 08 2015 ZIRIKAZAN Adeigabeak Josebe EGIA Zur eta lur irakurtzen dut futbolaren mundua nazioartean kudeatzen duen erakundeak, FIFA delakoak, Sexuaren Egiaztapenerako Araudia duela. Laugarren puntuan, zera xedatzen du: «Gizonezkoen txapelketetan, gizonezkoak baino ezin dira hautatu jokatzeko; emakumezkoen txapelketetan, emakumezkoak baino ezin dira hautatu jokatzeko». Hori zolitasuna, aizue, mutilak mutilekin eta neskak neskekin edo ondoan baina nahasi barik klasikoen arau-erako moldaketan. Zer dela-eta, horren argi egonda, inoren sexua egiaztatu beharra; zerk eragiten du arautegi bat ere egitea halako proba bat ezartzeko. Bada, susmoak, zenbait emakumezko kirolariren itxuraren gainekoak: sendoegiak, altuegiak, iletsuegiak, benetako emakumeak izateko. Susmoa, ez ote emakumearena egiten ari diren gizonezkoak, biologikoki ahulagoen eremuan infiltraturiko iruzurtiak. Sexuen arteko bereizketa naturala eta gardentasuna jomuga eman dezakeena androginoaren –hau da, zalantzazko emakumearen– harrapaketa eta berau kanporatzeko ahalegin bihurtuta, nork bere emakumetasuna frogatzen ibili beharraren umiliazioa (kolokan jarria izatea, norberaren gorputzaren gaineko behaketa, frogak, estigmatizatzea) emakumezkoen futbol osora zabalduta. FIFAk, (ia, esan beharko) erabat gizonezkoek osaturiko erakundeak, argi ditu pare bat kontu, gauzak nolakoak diren: gizonezkoen eta emakumezkoen kanon estetiko natural eta onargarriak, batetik, eta faktore biologiko hutsek egiten dituztela gizonezkoa gizon eta emakumezkoa emakumezko. Zer da, bada, pertsonaren identitate sexuala, zer generoaren eraikuntza, zer gizakiaren hautu pertsonala… ezpada hutsaren hurrengoa kirolaren mundua zuzentzen duten (ia zeharo gizonezkoen) erakundeentzat, emakumezko kirolariak kasik gonbidatu gisa –adeigabe– tratatzen dituztenentzat. Hasi berri den Emaku- mezkoen Munduko Kopan, gizonezkoen txapelketetan inoiz ez bezala, belar artifizialezko zelaian jokatzera ere behartu ditu FIFAk, entzungor eginda haien kexei, baita diskriminazioa egotzita jarri zioten demandari ere. Alferrik, «nire etxean, nire arauak» politika inposatzaileena irentsi behar izanda, Kanadan dira orain futbolariak txapelketa gauzatzen: belarretan eta neskatasuna egiaztatuta. Ezin diot utzi pentsatzeari gutxiegi hedatuta dagoela txistualdi luze eta ozenerako joera kirol esparruan, eta hedatuegi, berriz, gizon eta emakumeon berdintasunerako kultura zapuzteko jarduna.