JUN. 13 2015 sokatira Gaztediren eta Goiherriren arteko dema espero da 640ko bigarren norgehiagokan J. L. Euskal Herriko Lur Gaineko Txapelketa berriro itzuliko da bi asteko atsedenaren ostean, eta Martiartun, Erandion, izango da gaurko saioa, 17.30ean. 640ko bigarren jardunaldia jokatuko da, gainera. Goiherri A, Goiherri B, Gaztedi A, Mutriku, Gaztedi B eta Gaztedi C izango dira lehian arituko diren taldeak. Gaztedi A izan zen aurreneko jardunaldiko irabazlea, eta gaur ere gauza bera egingo balu, txapela ia eskuetan izango luke. Saioa Erandion jokatzen da, ordea, eta Goiherri izango da etxean, bere zaleen aurrean arituko dena, eta berdeek badakite gaur galduta txapelak ihes egingo diela, eta beraz, irabazi beharra daukatela. Atzeko postuetarako ere borroka polita espero da, lehen jardunaldian nahikoa parekatuta aritu baitziren. Mutriku eta Goiherri B, esaterako, berdinduta geratu ziren, eta aurretik Gaztedi B izan zuten. Olinpikoa Sokatirak kirol olinpikoa izateko aukerak ditu, eta hori gauzatuko balitz, 2020ko Tokioko Joko Olinpikoetan izango litzateke. Lehen ere, sokatira olinpikoa izan zen, 1900etik, 1920ra arte. Urte asko daramate lanean kirol honen sustatzaileek, berriro ere kirol olinpikoen artean onartua izateko.