Maider IANTZI
EHU-KO UDA IKASTAROEN INAUGURAZIOA

Marjinetako jakintza goratu du Maialen Lujanbiok

Uda ikastaroen irekieran, kortse eta gorbata estuen giroan eta ertzainek Donostiako Miramar jauregia hartua zutela, prestigio akademikoaren formatutik at ere –marjinetan, lerroartean, bertze tipografietan, ahotsetan...– aditzea merezi duten formak badirela aldarrikatu zuen Maialen Lujanbiok.

Gasteizen gertatu zen. Lazkao Txikik Chillidaren eskultura batekin egin zuen topo eta hala bota zuen: «Hemen zein dek artista, hau egin duena edo entenditzen duena?». Ezjakintzat har zitekeen Lazkaomendiko bertsolaria, baina, Maialen Lujanbiok azaldu zuenez, bera ere artista zen, hitzen artista, mundua hitzekin iraultzeko gai zen eta jakintsua zen bere lengoaian. Chillidak ere ez zuen Lazkao Txiki ulertzen eta artista zen bere lengoaian.

Lazkao Txikiren ikasle eta Chillidaren estudiante gisa, Arte Ederretan lizentziatutako bertsolariak badaki batak ez duela bertzea kentzea eta, batez ere, bertzeak ez duela bata kendu behar. Hala, hasiera hitzaldi ederra egin zuen mikrofono batetik bertzera aldatuz eta hitz lauak eta bertsoak tartekatuz, batzuetan autoritateen ezpainetan irribarrea marraztuz eta bertzeetan –ikastaroetan aurreikusitako 124 jardueretatik euskaraz 21 soilik eskainiko direla kritikatu zuenean kasu– isiltasun erabatekoa sortuz. Bera ere artista dela frogatu zuen, jakintza akademikoa hesitzen duen formatua –“Arial 12, lerroartea 1,5, marjinak 2,5 cm”– hankaz goiti jartzeko adina.

«Arratsalde on lehenbizi, hala ohi da bertsogintzan/ ahoz aho heldu zaigun arauz kanpoko jakintzan/ gaur akademian nago atzo plazakoa nintzan/ herriz herri, hiriz hiri, jende arteko langintzan/ ze jakinduri metatu kontu hemen eta hitz han/ orri zurian beltz jarri ezin dena tesi gisan/ bertso ta hitzok dakartzat lanbro nahi dutenak izan/ harrapatzekotan zuen gogoak harrapa ditzan», kantatuz ekin zion hernaniarrak, Iñigo Urkullu lehendakaria, Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea, Eneko Goia Donostiako alkatea, Cristina Uriarte Lakuako Hezkuntza sailburua eta Carmen Agoues Uda Ikastaroetako zuzendaria gibelean zituela.

Mikrofonoz aldatu, eta hala galdetu zuen, hitz lauz: «Eman liteke lezio magistralik bertsotan? Ezetz erantzun zuen, ez behintzat batek hala nahita, bertsoa ez baita «zuzentasunaren lurraldea, inperfekzioa da, esan nahi zenukeenaren eta errealki esan dezakezunaren arteko frustrazio eta sorpresa etengabea». Baina unibertsitatera hurbildu da bertsolaritza, «ez aitorpen bila, zer eskaini badun ustetan baizik».

Arial 12an idatzita ez datorrena da bertsolaritza, marjinetan zirriborratzen dena, lanbroa, etengabe mugimenduan eta eraldatzen. Horrek pozten eta lasaitzen du Lujanbio. Kronika hau zailtzen du, ordea, oraingoz ez baitugu libre marjinetan idaztea...

Bizitzatik «apartetxo»

Lanbroz lanbro, diskurtso hagitz mamitsua osatu zuen 2009ko Euskal Herriko bertsolari txapeldunak. Hemen bildutakoak horietako batzuk baino ez dira. Adibidez, diskurtso nagusiak hitzak nola bihurritzen dituen erakutsi zuen eta nola bihurtzen den “txiki”, errepikatuz eta errepikatuz (txiki, txiki, txiki, txiki...) “itxi”. «Letra berberak dira, baina ez sinonimoak».

Orain modan dagoena irekitasuna dela baina “zabal” eta “zabar” ere hurbil daudela erran zuen. Defendatu zuenez, nekez lortuko du zabaltasuna bereaz lotsatzen denak edo berea galtzeko beldur denak. Unibertsitatean ikasi zuen marrazketako konpasak orratza zenbat eta gehiago sartu, itzuliak orduan eta errazago ematen dituela.

Unibertsitatea bera ez ote dagoen «bizitzatik apartetxo» komentatu zuen. Fisikoki denetik aparte zegoen Leioa, berak ikasketak egin zituen tokia; hirian egonik aparte dago Miramar ere. Leku fisikoa metafora ere izan liteke. Arteria gehiago behar lituzke, Lujanbioren iritziz, eta momentuko eztabaidetan parteago izan. «Kontra egingo diotenen alde egitea da, ezinbestean, hezkuntzaren egitekoa, baina ez dakit praktikan irakiten behar zuena ez ote dagoen pasteurizatua», adierazi zuen.

Akademiak gai “inportanteak” zeintzuk diren erabakitzen duela eta «bizitza den denbora-pasa axaleko horrentzat» Udako Unibertsitatea dagoela bota zuen ironiaz: bizi karrera baino curriculuma da garrantzitsua, uda baino negua, memoria baino bibliografia, ametsa baino errealitatea... Baina, ohartarazi zuenez, gauzak halaxe dira bestela ez direlako. Batak ez du bertzea kentzen eta, batez ere, bertzeak ez du bata kentzen.