Gaztediren eta Goiherriren artean egongo da 640ko txapela
Euskal Herriko Lur Gaineko Txapelketako azkeneko jardunaldia jokatuko da 640ko mailan bihar, 11.30ean, Zorrotzako kiroldegiko belardian.
Azkeneko jardunaldi honetara Gaztedi puntu bateko aldearekin iritsiko da, eta gainerakoei ateratzen dien aldea kontuan hartuta, garbi dago txapela Gaztediren eta Goiherriren artean egongo dela. Goiherrik biharko saioa irabazi beharra dauka kitarakoa behartzeko, bestela txapelik gabe geratuko da. Gaztedi B, Goiherri B, Mutriku eta Gaztedi C ere lehiatuko dira biharko finalean. Hirugarren posturako ere lehia handia dago Gaztediren eta Goiherriren bigarren taldeen artean, puntu erdiko aldea bakarrik baitago bien artean.
Harri-zulatzaileak
Harri-zulatzaileen Ligan, Euskal Herriko Ligako hirugarren jardunaldia jokatuko da bihar Muskizen, 19.00etan hasita, San Juan plazan. Gallarta, Las Karreras, Ortuella, Gernika, Trapagaran, Errekatxo eta Kabiezes arituko dira lanean.