Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Sarraskituko ditugulakoan

Berria Fundazioak emandako bekari esker, Oihana Etxebarrietak eta Eider Olazarrek Gabiltza izeneko webgunea sortu dute, hedabideetan emakumeei orain artekoa baino toki ikusgarriagoa emateko. «Edozein eremutan adierazteko zerbait duten andreak ikusgai egiteko», beraz, aditu edo arituen lanak lehen lerrora ekarri eta haietarako sarbidea erraztu nahi dute. Niri Bagabiltza etorri zitzaidan burura, emakumeon eskubideak ikuspegi guztietatik sustatzen hogei urte baino gehiago daramatzan erakundea... kuriosoa izenen kalkoa ia, premiazkoa deiturarekin aditzera eman nahi eta zabaldu nahi duten mezua: bagara eta ari gara; bagaude eta mugimenduan, sarean gabiltza. Ezin aproposagoak izana eta izena, bejondeiela!

Gabiltzaren gaineko berria irakurrita, hainbat irakurleren iritziekin egin nuen topo behealdean. Onartzen dut: zaletasun ikaragarria dut batzuetan albisteen ostean ageri ohi diren usteak, eztabaidak askotan, irakurtzeko; norbanakoen esanei erreparatzeko, horiek direlakoan benetan inporta dutenak, gaurkotasunak dakartzanen aurreko jarrerak, herritarre- nak. Nolabait, giroari tenperatura hartzeko era bat da; egizue proba, gai arantzatsuak hizpide direnean, garbiago geratuko zaizue nondik nora dabilen jendearen gogoeta... osotasuna ez eta lagina besterik izan ez arren, jakina.

Esate baterako, arestian aipatu emakumezko datu-basearen harira, ezizen dezente adierazgarriaz baliaturiko gizonezko batek zioen horixe baino ez dutela falta, «postu kualifikatuetan emakumeen boterea oraindik gehiago handitzea» (mundu berean bizi gara?); galdetu zuen zergatik ez ditugun antolatzen egitasmoak-eta obretan edo mehatzetan behar egiteko (berak ez jakiteak ez du esan nahi ez daudenik); ondorioztatzen zuen feministok eremu pribilegiatuak soilik nahi ditugula, laugarren boterea eta manipulatzaileak garela (aukera-berdintasuna paperaz harago lortu nahi dugulako?); borobiltzeko, deia egiten zien gizon euskaldunei: «Esnatu, begiak ireki, altxatu!».

Hedabideetan (horiek bai direlako benetako botereguneak) emakumeon protagonismoa areagotzeko ekimen ireki eta parte-hartzaile batek matxinada grina hori eragiten badu, pentsa kontu luze-zabalagoek. Kezkatzekoa da zenbat eta non ote andrazkook arrak sarraskituko ditugulakoan daudenak, onartu ezinik dabiltzanak gurekin batera ibiltzea, itzulezina izateaz gain, bideak bereizten jarraitzea baino mesedegarriagoa zaigula, denoi.