JUN. 27 2015 Aizkora Lau aizkolarik jokatuko dute Urrezko Txapeldunen Liga Iñaki Azurmendi, Aitzol Atutxa, Donato Larretxea eta Jon Rekondo izango dira. Jon LEUNDA Urrezko Aizkorako Txapeldunen Liga iritsi da. Bertan Buruz Burukoan parte hartu duten lau aizkolaririk onenak lehiatuko dira, eta ligaren esanahiari jarraituz, denek denen aurka jokatu beharko dute, eta bi itzuli egingo dituzte. Iñaki Azurmendi, Donato Larretxea, Aitzol Atutxa eta Jon Rekondo jardungo dira nor baino nor. Lehiaketa gaur bertan jarriko da abian. Hernanin, Ezkiaga pasealekuan, jokatuko da aurreneko jardunaldia, 12.30ean. Iñaki Azurmendi, Buruz Buruko txapelduna, eta Jon Rekondo izango dira aurrez aurre. Leitzarrak ez du, ordea, atseden hartzeko beta handirik izango, bihar berriro ere lehian aritu beharko baitu. Bigarren jardunaldia bihar jokatuko da, 12.30ean, Ondategiko plazan, eta horretan Jon Rekondok Donato Larretxea izango du aurrean. Gipuzkoakoa Gipuzkoako Bigarren Mailako Txapelketan bigarren kanporaketa jokatuko da. Orioko plazan lehiatuko dira aizkolariak bihar, 12.00etan. Jon Irazu, Luix Txapartegi, Jexuxmari Mujika, Jokin Alkizalete eta Aitor Urteaga arituko dira elkarren aurka neurtzen. Bakoitzak bi enbor kana-erdiko eta beste bi 60 ontzako erdibitu beharko ditu. Aurreneko hiru sailkatuek jokatuko dute finala datorren asteburuan Usurbilen, eta han batuko zaizkie, Arria V.a, Mugertza III.a eta Eneko Otaño, hiru hauek lortu baitzuten finalerako txartela maiatzean Aian jokatu zen aurreneko kanporaketan. Saio honetarako hiru faborito garbi agertzen dira, Irazu, Txapartegi eta Mujika, alegia. Zaleen iritziz, finalean izan beharko luketen beste hirurak hauek dira, baina faborito izateak ez du helburua lortuko dutenik esan nahi. Alkizalete II.a eta Urteaga ere finalean sartzeko asmo argiarekin joango dira, eta ederki ahaleginduko dira besteak estutzen.