Berriro ere Gaztediren eta Goiherriren arteko dema iragartzen da
Sokatirako denboraldiaren erdia amaitu da, eta Gaztedik eta Goiherrik txapel bana irabazi dute. Ezusterik ez bada, geratzen diren bi mailetan ere bi talde horien arteko dema iragartzen da.
600ekoa jarriko da abian gaur arratsaldean, 17.30ean jokatuko baita aurreneko jardunaldia. Gaztedi A, Goiherri A, Gaztedi B, Mutriku, Goiherri B eta Gaztedi C arituko dira norgehiagoka. Beraz, aurreko mailekin alderatuta, ez da egongo taldeei dagokienez inongo aldaketarik.
Aurreko mailan, hiru jardunalditik bitan, berdinduta geratu ziren Gaztedi eta Goiherri, eta Gaztedik irabazi zuen bestea. Horrek eman zion txapela. Lehen jardunaldian garaipen bat lortzen duenak, gerorako bidea asko erraztuko du, baina bai gorriak bai berdeak oso tankerako taldeak dira, eta ez da oraingoan ere alde handirik espero. Beste postuetarako ere borroka polita aurreikusten da Gaztediren eta Goiherriren bigarren taldeekin, baita Mutrikurekin ere, hiru horien artean egongo baitira ondorengo hiru postuak.