GARA Euskal Herriko egunkaria
Eskalada

Bost urteko lanaren ostean, Kapitaineko «Heart route»askatu berri dute

45 urte pasa behar izan dira Chuck Kroger eta Scott Davisen bidea erabat askatu ahal izateko. Mason Earleestatubatuarra jarduera horren protagonista izan da, eta bere ustez luze zailenak 8b zailtasuna du.


Orriok Alpeetako bide batean egindako puntu gorriari buruz hitz eginez zabaldu ditugu. Beste berri batean mendi baten lehen igoeraren inguruan mintzatu gara. Eta hirugarren honetan bide beretik goaz; hots, era askean egin den lehenbiziko igoera bat dakarkizuegu.

Kasu honetan Yosemitera goaz; hain zuzen ere, haran horretan dagoen hormatzar mitikoenera: Kapitainera. Ziur aski oraindik irakurleak gogoan izango du pasa den neguan Tommy Caldwell eta Kevin Jorgeson estatubatuarrek “Dawn wall” bidean eginikoa. Soilik aurreratuko dugu marra hori askatu zutela, zailtasun tekniko handiak (9a) dituena.

Bada, orain dela gutxi Mason Earlek paretaren historian beste kapitulu bat idatzi du. Brad Gobright sokalagun izan duela, “Heart route” bideari (A3+, 5.8) puntu gorria jarri dio.

Marra hori Chuck Kroger eta Scott Davidek osatutako sokadak 1970. urtean zabaldu zuen, eta, beraz, 45 urte zeramatzan era askean igo gabe. Lau hamarkada eta erdi denbora luzea da, batez ere kontuan hartzen badugu egun era askean eskalatzen duten espezialista asko daudela. Eta aurreratu behar dugu ere Earlek bost urteko lana behar izan duela “Heart route” askatu ahal izateko.

Dinamiko gogorra

Protagonistok adierazi dutenez, luzeak askatzen ari ziren bitartean hainbat aldaera sortu zituzten: «Zenbait artesi landaretzarekin tapa-tapa eginda zeuden, eta, horregatik, aldaera batzuk egin ditugu. Batzuetan iruditzen zitzaigun aurrera gindoazela, baina, beste batzuetan, berriz, atzera. Hori dela eta, helburua pare bat urtez aparkatuta utzi genuen».

Azkenean, eskalatzaileak berriro itzuli dira, eta 900 metro luze den marra horretan emaitza bikaina erdietsi dute. Bederatzi luze 7c+ eta 8b artekoak dira, eta beste dozena bat 6c eta 7a artekoak. Bidearen giltza seigarren luzean dagoen mugimendu zail bat da. Behealdera egiten duen dinamiko luzea da; oso morfologikoa. Datu adierazgarri bat: dinamiko hori probatzen ari zirela, Earlek min hartu zuen. Pausu horri blokeko 7c+ eman diote, eta, gainerako luzeari, 8a. Oro har, blokeko gradu hori kenduta, 8b zailtasunean geratuko litzateke.

Aipatu behar dugu ere Gobrightek ez duela “zorte” handirik izan, dinamiko zail hori ez baitzuen askatu. Beraz, soilik hiru metrogatik eskalatzaile honek ezin izan du “Heart route” kateatu.