J.L.
sokatira

Goiherri taldeak 600eko lehiaketa erabakita utzi nahi du

600eko bigarren jardunaldia jokatuko da gaur 17.30ean, Laukizen, eta bertara Erandioko Goiherri txapela erabakita uzteko asmoz joango da. Pasa den astean lehen garaipena lortu zuen, eta oraingoan gauza bera egiten baldin badu, jardunaldi baten faltan ia txapela erabakita utziko luke.

Gaztedi A da bere aurkari zuzena. Aurreko bi mailetan sekulako borroka egin eta izan dute, eta gorriak oraingoan ere ez dira gauzak erraz uzteko prest joango. Jakin badakite azkeneko jardunaldian txapela lortzeko aukerei eutsi nahi baldin badiete, gaur irabazi edo, gutxienez berdindu beharra daukatela; izan ere, bi talde hauek gainerakoei alde handia ateratzen diete.

Gaztedi B, Goiherri B, Mutriku eta Gaztedi C dira lanean arituko diren gainerako taldeak. Azken hauek orain arteko maila guztietan tiraldi guztiak galdu egin dituzte, eta baita 600eko aurreneko jardunaldian ere. Beraz, ez dirudi hirugarren posturako lehian aritzeko moduan izango direnik, baina gainerako guztiek horixe izango dute helburu, podiumean sartzea.

Gaztedi B izan zen joan den astean jokatu zen aurreneko jardunaldian hirugarren postuan jarri zen taldea.