H. L. A.
Surfa

Lehen erronda pasata, lehia aurrera doa Jeffreys Bayn

Joan den astean hasi zen Hegoafrikan munduko CT itzuliko seigarren proba. Lehen erronda osorik amaitzea lortu zuten, baina asteburuan txapelketa etetea erabaki zuten antolatzaileek; izan ere, olatuen altuerak behera egin zuen nabarmen eta haizeak uhinak narrasten zituen. Beraz, baldintza hobeen zain daude oraintxe bertan surflari zein antolatzaileak Jeffreys Bayko txapelketan.

Itsaski sendo baten esperoan, baldintza hobeak sortzen diren momentuan jarraituko dute bigarren errondako txandekin. Hori datozen egunetan gertatuko da, baina antolatzaileek oraindik ez dute zehaztu noiz jarraituko duten lehiaketarekin. Edonola ere, txapelketa amaitzeko azken eguna uztailaren 19a izango da.

Iaz Mick Fanning-ek irabazi zuen txapelketa hau eta aurten faboritoetako bat da; izan ere, aurten ere txapela eskuratzen badu, ranking orokorrean lehen postua ere eskura dezake australiarrak.

Mick Fanningek aurtengo itzuliko bigarren proba irabazi zuen Australian, Bells Beacheko eskuin olatuan. Bells Beach eta Jefreys Bayko olatuak antzekotasun asko dituzte. Biak dira eskuin olatu luzeak, mota guztietako ariketak egiteko aukera ematen dutenak. Desberdintasun bakarra zera da, Jeffreys Bayko olatua azkarragoa eta borobilagoa dela.

Orain arte, egin diren bost txapelketetatik hiru brasildarrek irabazi dituzte, eta horietatik bitan lehiakide bera atera da garaile gainera, Filipe Toledo. Beste bi txapelketetan australiarrak gailendu dira eta badirudi aurtengoan lehiak horrela jarraituko duela, alegia brasildar eta australiarren artean.

Lehen errondetan kaleratuak izan ziren lehiakideen zerrenda bitxia da. Brasildarren artean Adriano de Souza eta Gabriel Medina surflariak daude kaleratuen artean, adibidez. Australiarrei dagokienez, berriz, Joel Parkinson eta Taj Burrow daude txanda pasatzea lortu ez zutenen artean.

Edonola ere, lehen txanda pasatzea lortzen dutenak zuzen-zuzenean hirugarren errondara pasatzen dira, eta kaleratuak izaten diren lehiakideek, berriz, bigarren aukera bat izaten dute bigarren errondan; hortaz, oraindik ezin esan daiteke egiaz kaleraturik izan denik.

Mutilen zein nesken lehen mailako zirkuituek bat egiten dute sarri. Top 34 mutilak eta Top 17 neskak data eta leku berean aritzen dira lehian txapelketa gehienetan, baina Hegoafrikako txapelketan ez dute bat egiten. Mutilen txapelketa soilik egiten da Jeffreys Bayn.

Hala, ez dugu nesken txandarik ikusiko datozen egunetan, baina uztail amaieran Huntington Beachen izango dira, Kalifornian.

Datozen ordu eta egunetan Jeffreys Bayko txapelketak aurrera egingo du eta streaming bidez ikus daiteke txapelketa egiten ari direnean, WSL erakundearen web orrian zuzenean igortzen bai dute txapelketa. Gainera, Hegoafrikan eta gurean antzeko ordutegia dugu; beraz, ez dago ordu arraroetan web orria behatzen ibili beharrik.

Txapelketa hasi da Jeffreys Bayn, lehiakideak prest dira, baita antolatzaile, epaile eta ikusleak ere. Orain itsaski eder bat sartzea baino ez da falta.