Etxeberriak marka guztiak apurtzen jarraitzen du
Oriotarrak bi jasoaldi eman zizkion 157ko harriari, emakume batek inoiz egin ez duena eginez.
Idoia Etxeberria marka guztiak apurtzen dabil, eta azkenekoa, orain arte emakume batek inoiz egin duen handiena; Alegian lortu zuen, 157 kiloko harri errektangularrari bi jasoaldi eman zizkion, hiru minutuko txanda bakarrean.
Oriotarrak aurretik 150ekoa zeukan jasota, eta lehen ere emakume batek zuen markarik handiena berak zeukan, baina hori txiki utzi du, zazpi kilo gehiagoko harria jaso baitu oraingoan, eta bi aldiz, gainera.
Are gehiago, bi jasoaldiak inongo aitzakiarik gabekoak izan ziren. Joseba Ostolatzaren gidaritzapean lan bikaina egiten ari da, eta herenegungo saioan ere bi jasoaldi dotore eman zizkion. Harria gerrira ekarri, han buelta eman, eta bi kolpetan berdindu zuen bizkar gainean. Bi jasoaldiak oso tankerakoak izan ziren.
Txapeldunen Liga
Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligan hiru jardunaldi jokatu dira. Ostegunean Iñaki Azurmendik mendean hartu zuen Donato Larretxea. Gipuzkoarrak iraupen proban erabaki zuen saioa. Lan guztiak burutzeko, 27 minutu eta 32 segundo behar izan zituen, eta 28 minutu eta 34 segundo, Larretxeak. Bi aizkolari hauek ostegun iluntzean bertan neurtu ziren berriro ere, oraingoan, bigarren itzuliari zegokion neurketa jokatzeko. Ordu batzuetako atsedena hartu, eta berriro ere elkarren aurka aritu ziren, eta oraingoan Larretxea gailendu zen, lan guztiak 21 minutu eta 47 segundoan amaituz, eta Azurmendiri 43 segundo aterata. Herenegun, berriz, Aitzol Atutxak Azurmendiri irabazi zion. 26 minutu eta 47 segundoan bukatu zituen lanak, eta 28 minutu eta 43 segundoan, Iñaki Azurmendik.