JUL. 27 2015 Aizkora Azurmendik jantzi du Gipuzkoako txapela J.L. Iñaki Azurmendik lortu zuen atzo Mendaron Gipuzkoako Lehen Mailako txapela, final estu bezain eder baten ostean. Joseba Otaegik, berriz, maila galdu egin zuen, eta datorren urtean Bigarren Mailan aritu beharko du. Sekulako jendetza batu zen Mendaroko Goñati pilotalekuan, neurketa bertatik bertara ikusteko, eta amaieran joandako inork ez zuen damurik izango. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu behar izan zituen. Neurketa estua izan zen, ikaragarria. Hasieran Mugertza II.ak ekin zion sekulako abiadarekin, eta berari gertuen jarraitu ziona Larrañaga, iazko txapelduna, izan zen. Mutrikuarra 60 ontzakoak arte aurretik ibili zen, eta gero Larrañagak ere izan zuen aurreneko postu hori, baina enbor batean denbora pila galdu zuen, eta hor galdu zituen garaipena lortzeko aukerak. Aurrez aurre aritu ziren mutrikuarra eta azpeitiarra, baina atzetik gora egin zuen Azurmendik. Arriarangoak hasiera oso txarra izan zuen, ezinean ikusten zen, baina gero gora egin zuen, eta azkenean aurreko biak harrapatu eta pasatu egin zituen txapela jantzita amaitzeko. Ordurako, Larrañagak Mugertza atzean utzita zuen, eta Azurmendirekin izan zuen borroka, baina, azkenean, 12 segundo besterik ez ziren egon bien artean. Hori bai, Iñaki Azurmendirentzat izan zen txapela. Podiuma Ugaitz Mugertzak osatu zuen, lan ederra egin ostean. Beste borroka Atzo, ordea, ez zen txapela lortzea bakarrik, azken postua ere ez zuen inork nahi, bestela maila galtzen zuelako, eta horko lehia Olasagastik eta Otaegik izan zuten. Azkenean Igeldokoak aurre hartu zion Zizurkilgoari, eta, ondorioz, azken horrek aritu beharko du datorren denboraldian Bigarren Mailan. Iñaki Azurmendik, 33 minutu eta 49 segundo behar izan zituen lan guztiak burutzeko. 34 minutu eta segundo bat behar izan zituen Larrañagak, eta 35 minutu eta 4 segundo Mugertza II.ak. Laugarren postuan Olasagastik amaitu zuen, eta 36 minutu eta 46 segundo behar izan zituen bere lanak egiteko. Joseba Otaegik, azkenik, 37 minutu eta 30 segundo behar izan zituen.