JUL. 27 2015 Surfa Sopela Pro Junior 2015: Delahaye eta Canales txapeldun Itsasoak lagundu du Sopelan eta 20 urtetik beherako surflariek euren abilezia erakutsi ahal izan dute. Mutilen kasuan Gatien Delahaye Guadalupe uharteetako surflariak irabazi du txapela, eta, nesken kasuan, berriz, Leticia Canales bilbotarra izan da garaile. Haritz LARRAÑAGA ALTUNA SOPELA Olatu onak izan dira Sopelan asteburuan zehar, eta surflari gazteek indartsu datozela erakutsi dute munduko Pro Junior txapelketan. Parte hartzea zabala izan da, ikuskizuna polita eta maila altua. Pro Junior 20 urte bitarteko lehiakideen kategoria da junior maila. Kategoria honetan munduko ranking orokor bat dago, baina herrialde bakoitzak bere zirkuitu propioa ere izan dezake, beraz, ASP erakundeak antolatutako junior txapelketa oro mundu mailakoa izan arren, egiten den lekuan biltzen diren puntuak bertako zirkuiturako baliagarriak dira. Sopelako txapelketa, esaterako, Europa mailako txapelketa da, baina baita mundukoa ere. Edozein herrialdetako txapelketetan mundu osoko surflariek parte hartzeko eskubidea dute. Adibidez, australiar batek Europako txapelketa batean parte har dezake puntuak biltzeko xedearekin, baina bildutako puntuak junior ranking orokorrerako izango dira, inoiz ez Australiako rankingerako. Herrialde bakoitzean egiten diren txapelketen baturak osatzen du herrialde horretako zirkuitua, baina ez dute guztiek ospe bera. Esaterako, Australiako zirkuitua irabazteak Europakoa irabazteak baino meritu askoz handiagoa du, herrialde horretako surf maila hobea baita. Iaz hiru txapelketa baino ez ziren izan Europan junior kategorian, baina aurtengoan bost txapelketek osatzen dute gaztetxoen goi mailako itzulia Europan. Sopelakoa zirkuituko hirugarren proba izan da. Lehen bi txapelketak Portugalen izan ziren, Praia de Baian bata eta Caparican bestea. Natxo Gonzalez Miguel Blanco portugaldarrak irabazi zuen apirilean Praia de Baia hondartzan egin zen Europako junior itzuliko lehen txapelketa. Bigarren postua, berriz, Natxo Gonzalez surflari gaztearentzat izan zen txapelketa hartan; beraz, hasiera ona eman zion aurtengo denboraldiari Plentziakoak. Zirkuituari eman zion jarraipena, ordea, oraindik eta hobea izan zen, ekainean itzuliko bigarren proba irabazi baitzuen Caparicako hondartzan, eta horri esker ranking orokorreko lehen postua eskuratzea lortu zuen. Sopelan ez du zorte handirik izan Natxok, bosgarren errondan kaleratu zuten, baina, hala eta guztiz ere, ez da emaitza txarra. Izan ere, rankingean buru izaten jarraitzen du. Metro eta erdiko olatuetan aritu dira egunotan Europako surflari gazteak lehian eta maila handia erakutsi dute. Euskaldunen kasuan ez dute zorte handirik izan mutilen kategorian; Julen Egiguren oiartzuarra izan da emaitza onena lortu duen lehiakidea, final laurdenetara helduz. Delahaye vs Bisso Sopelan, Guadalupe uharteetako lehiakideak nagusitu direla esan daiteke. Iaz Sopelan txapela eskuratu zuen Timothee Bisso eta Gatien Delahaye izan ziren mutilen finalean. Bi lagunek indar guztiak xahutu zituzten azken txandak iraun zuen bitartean, baina, azkenean, Delahaye nagusitu zen bi puntu baino gehiagoko aldearekin. Honela mintzatu zen 18 urteko txapelduna uretatik atera ostean: «Aurrerantzean egin behar dudan gauza bakarra gogor lan egiten jarraitzea da, erritmo hau mantendu behar dut, horrela beste pare bat finaletan egon ahal izateko. Tim eta biok betidanik ibili gara elkarrekin surf egiten, eta baita elkarren kontra lehian ere, beraz, zinez pozgarria da ehuneko ehun guadalupearra izan den final batean izatea. Oso pozik nago». Canales txapeldun Nesken kasuan, Leticia Canales izan zen garailea. Sekulako poza hartu zuen lehiakide bilbotarrak, izan ere, iaz txapela eskuratzeko zorian izan zen baina 0,17 puntuko alde txikiagatik ez zuen lehendabiziko postua eskuratu. Aurtengoan, beraz, iazko arantza kendu ahal izan du Canalesek. Finalean, Juliette Brice 16 urteko lehiakide frantsesa eta Leticia Canales 20 urteko bilbotarra lehiatu ziren. Txanda hasi bezain laster ezker olatu bikian bat egin zuen Canalesek, epaileek zortzikoa eman zioten, eta horri esker final osoa mendean hartu ahal izan zuen. «Garaipen hau oso berezia da niretzat», onartu zuen Leticiak. «Etxean irabaztea, familia eta lagunak inguruan dituzula, zoragarria da. Iaz, irabazteko zorian egon eta galtzeak bihotza birrindu zidan, beraz, aurtengo txapelak balio handia dauka, noski». Ochoa eta Canales Nesken ranking orokorrean portugaldarrak dira nagusi gaur egun, Teresa Bonvalot eta Carol Henrique dira lehen bi postuetan, baina beraien atzetik Ariane Ochoa eta Leticia Canales bizkaitarrak aurkitzen dira. Arianek, Natxo Gonzalezekin batera txapela eskuratu zuen Portugalen pasa den ekainean Praia de Baian izan zen Pro Junior txapelketan eta horri esker ranking orokorrean gora egin zuen. Sopelan final laurdenetan izan ziren buruz buru lehian Leticia Canales eta Ariane Ochoa, beraz, bietako batek egin behar zuen aurrera. Oraingo honetan Canalesek irabazi zuen, baina ranking orokorrean hirugarren eta laugarren postuan dira egun bi lehiakideak. Ez da amaitu Oraindik ez da amaitu gaztetxoen zirkuitua, bi txapelketa falta dira-eta. Beraz, Frantziako olatuei begira daude gaztetxoak, han izango baita kategoria honetako hurrengo txapelketa. Lacanaun izango da, abuztuaren 14 eta 17 bitartean. Itzuliko azken proba, berriz, Kanaria uharteetan izango da, Lanzaroteko San Juan ezker olatu famatuan, irailaren 16 eta 20 bitartean. GONZALEZ BURUNatxo Gonzalez Plentziako surflariak ez du zorte handirik izan Sopelan, baina Portugalen lortutako emaitza bikainei esker ranking orokorrean lehen postuan jarraitzen du. NESKAK INDARTSUNesken rankingean Teresa Bonvalot eta Carol Henrique daude lehen bi postuetan, baina beraien atzetik Ariane Ochoa eta Leticia Canales bizkaitarrak dira.