Harri traketsekin primeran moldatzen dela erakutsi du Jokin Eizmendik
Ez zen ezusterik izan, eta Jokin Eizmendik irabazi zuen Elgoibarren jokatu zen San Bartolome jaietako torneoa. Han ere, beroa izan zen protagonista. Arratsalde deserosoa izan baitzen bai kirolarientzat eta baita ikusleentzat ere.
Belaustegi eta Mintxeta harriak erabiltzen dituzte, Elgoibarko bi harri trakets. Belaustegi harriak 146 kilo pisatzen ditu, eta, Mintxetak, berriz, 125. Bakoitzarekin lanean aritzeko bosna minutuko txandak izan zituzten harri-jasotzaileek.
Joseba Ostolatzaren berragerpena ere izan zen Elgoibarren. Erakustaldietan baldin badabil ere, lehiaketetan ez da aspaldian ibili. Lan oso ona egin zuen zestoarrak, nahiz eta amaieran bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Hala ere, bere jardunak ez zuen izan inongo aitzakiarik.
Jokin Eizmendi sasoiko eta indartsu dago. Harri baldarrekin, gainera, primeran moldatzen da. Nabarmen gora egin duen kirolaria da. Orain dela hiru aste irabazi zuen Igeldo Harria Txapelketa, eta orain gauza bera egin du Elgoibarren. Kirolariak harririk handienarekin hasi ziren lanean, Belaustegi harriarekin alegia, eta 11 jasoaldi eman zizkion zarauztarrak. Mintxetari, berriz, 13 eman zizkion, eta denera 24 jasoaldi lortu zituen. Bere marka inork ezin izan zuen gainditu.
Bigarren sailkatu zen Joseba Ostolatza. Belaustegiri 9 jasoaldi eman zizkion eta 14 Mintxetari; guztira, beraz, 23 jasoaldi lortu zituen. Lan oso txukuna egin zuen. Garaipena lortzetik bi jasoaldira geratu zen. Gainera, Mintxeta harriarekin berak lortu zituen jasoaldirik gehien. Oraindik eskaintzeko asko daukala ikusi zen, maila handiko harri-jasotzailea baita.
Hirugarren postua Ugartemendiak eraman zuen. Belautegiri 6 jasoaldi eman zizkion, eta 10 Mintxetari. Azkenean 16 jasoaldi lortu zituen, eta horrekin podiumean sartzeko balio izan zion Hernialdekoari.
Galarragak eskuratu zuen laugarren postua, eta berak ere lan oso txukuna egin zuen. Harririk handienari 5 jasoaldi eman zizkion, eta txikiena, berriz, 7 aldiz berdindu zuen bere bizkarraren gainean. Denera, beraz, 12 jasoaldi lortu zituen.
Aranburuk itxi zuen sailkapena, guztira 11 jasoaldi lortuta. Belaustegiri 3 jasoaldi ematea lortu zuen, eta Mintxetari, berriz, 8. Esan bezala, 11 jasoaldi orotara.