GARA Euskal Herriko egunkaria
sokatira

Euskal Selekzioa domina gosez doa Europako Txapelketara

Selekzioa larunbatean eta igandean arituko da, baina aurrez Goiherri, Gaztedi eta Mutriku lehiatuko dira kluben mailan.


Gaur hasi eta igandean amaituko da Irlandan, Belfasten, jokatuko den Europako Sokatira Txapelketa. Jadanik Euskal Selekzioa ofizialki lehiatzeko moduan da, eta bai gaur eta bihar, kluben mailan, eta etzi eta igandean, selekzioen mailan, horrela aritu ahal izango da.

Gaztedi, Goiherri eta Mutriku izango dira Euskal Herria ordezkatuz, eta euren asmoa ahalik eta lanik onena egitea izango da. Goiherri eta Gaztedi jaun eta jabe izan dira Euskal Herriko Txapelketan, baina jakin badakite orain emaitza horiek errepikatzea zaila izango dela. Pisurik arinenetan izango dute aukerarik handiena, baina urrea lortzea ez da samurra izango, goi mailako talde eta selekzio asko izango baitira, eta asko izango dira urrea kolkoratzeko asmoarekin joandakoak.

Hiruretan aukerarik gutxien Mutrikuk izango du. Euskal Herriko Txapelketan ere apal aritu da, eta ondorioz, zaila izango du goiko postuetan amaitzea. Euren asmoa, gainera, eskarmentua hartu eta ikastea izango da. Gero, gauzak ongi atera eta ezusteren bat lortzen badute, ongi etorria izango da, baina gipuzkoarrak ez dira bizkaitarrek eraman dituzten asmo eta helburuekin joan.

 

Jende asko

Guztira 93 pertsona joan dira Euskal Herritik. Gaztedi izan da jenderik gehien eraman duena, talderik gehienak ere berak eraman ditu, eta gutxien Mutrikuk. Tartean hiru euskal epaile ere bertaratu dira.

Gaztedi mutilen bi talderekin, eta nesken batekin joan da, eta bi mailatan du dominak lortzeko itxaropen osoa. Talde mistoa ere izango du, eta maila horretan ere hartuko du parte. Lau neskaz eta lau mutilez osatutako taldeak izango dira, eta hor ere goian ibiltzeko asmoa eraman du. Nesken kasuan, 560 eta 520ko mailetan hartuko du parte. Mutiletan, 560 eta 640ko mailetan hartuko du parte, eta mistoan, berriz, 600ekoan arituko da.

Goiherrik, berriz, gizonen 560 eta 640koan hartuko du parte, eta Mutrikuk, azkenik, 640 eta 680koan, biak ere mutilen mailan izango dira.

Gaur eta bihar jokatuko dira kluben mailako lehiaketak, eta larunbatean eta igandean selekzioen lehiaketa hasiko da, eta hasiera batean Euskal Selekzioa maila gehienetan arituko da lanean. Mutiletan, 650, 680 eta 640koan arituko da. Nesketan, 560 eta 520koan. Mistoan 600ekoan hartuko du parte, eta 23 urtez azpikoetan, aldiz, 600ekoan.

Gaur goizean goiz hasi beharko dute lanean, 09.30ean hasiko baitira saioak. 680koak hasiko dira ekinean, baita nesken 560koak ere. Ondoren mutilak izango dira, eta kasu honetan 560koak jardungo dira, eta hor izango dute euskal tiralariek aukerarik gehien. Bihar ere ordu berean hasiko dira saioak, eta falta diren mailetan lehiatu beharko dira, eta euskal tiralariek mistoan eta nesketan ere izango dituzte euren aukerak. 

Larunbatean, berriz, selekzioen lehiaketa hasiko da, eta han izango da Euskal Herria. Gaurko lan berak egingo dira larunbatean, gaur klubak, eta larunbatean selekzioak, eta igandean, aldiz, biharko lan berak izango dira. Horrekin akabo aurtengoa.

 

Betiko herrialdeak izango dira irabazteko faboritoak

Gaur hasiko den Europako Txapelketa irabazteko faborito nagusiak betikoak izango dira, eta tartean agertzen dira Euskal Herria, selekzioen mailan, eta Euskal Herriko taldeak, kluben mailan.

Euskal Herria hor agertzen da, baina ez da bakarra; izan ere, Herbehereetako tiralariak, Suitzakoak edo Ingalaterrakoak izango dira faborito nagusiak. Lur gainean oso onak dira, eta ez da ahaztu behar lur gainak eta goma gainak ez daukatela zerikusirik, erabat ezberdinak baitira.

Horiez gain, Irlanda ere kontuan hartu beharko da, baita Ipar Irlanda ere, kirol gehienetan bezalaxe, bi Irlandak beren aldetik joango baitira. Eskoziarrek ere ezusteren bat eman dezakete, baina orokorrean horien artean egon beharko da lehia. Aurrez aipatu bezala, euskal tiralariek pisurik txikienetan izango dute aukerarik gehien, ez mutiletan bakarrik, nesketan eta mistoan ere izango dituzte aukera horiek, eta gauzak ongi joaten badira, dominaren bat baino gehiago kolkoratzeko moduan izan daitezke.

Euskal Herrian maila ona dago, baina lau talde besterik ez dira ari lur gainean, eta talde asko dituzten taldeekin alderatuta, zaila da beti haien parean aritzea, eta egiten dutena egin, ez dute meritu makala izango. Euskal Herria ofizial izate horrek, oraingoz ez du talde gehiago erakarri, azken batean kirola bera baita oso gogorra, eta ez da erraza izango talde berriak sortzea.  J.L.