GARA Euskal Herriko egunkaria
sokatira

Bigarrengoan ez da etekinik lortu

Euskal tiralariak mutilen 680ko eta 600ekoan aritu ziren, baina bi mailetan ezin izan zuten finalerdietara sartu, eta ondoriozdominen lehiatik kanpo geratu behar izan zuten. Ez zuten lan txarra egin, baina kasu batzuetan zorte apur bat ere falta izan zitzaien.


Euskal tiralariek ez dute lortu bigarren egun honetan aurrenekoan bezainbesteko etekinik, ez baitute dominarik lortu. Kluben mailako azkeneko egun honetan ere bazegoen itxaropenik, baina ez da posible izan.

Kluben mailako azkeneko saioan mutilak bakarrik aritu ziren, eta hasten aurrenak 23 urtez azpikoak izan ziren; horiek 600 kiloko mailan lehiatu ziren, eta Gaztedi izan zen Euskal Herriko talde bakarra. Ez zuten zorterik izan eta azkenean ezin izan zuten finalerdietan sartu, eta ondorioz, dominen lehiatik kanpo geratu ziren. 

Mutilen 640koan, Mutriku eta Gaztedi lehiatu ziren, eta bietako inork ezin izan zuen helbururik bete, inor ez baitzen sailkatu finalerdietara, eta kasu honetan ere dominen lehiatik kanpo geratu behar izan zuten.

Gaur selekzioen txanda izango da, eta euskal tiralarientzat aproposak diren mailetan lehiatu beharko dute, nahiz eta nazio mailan kluben mailan baino zailago izaten diren gauzak. Herenegun dominak lortutako mailetan arituko dira. Neskak, 560koan, mutilak ere pisu horretan eta 680koan, eta mistoak 600ekoan. Atzokoan aritzekoak ziren, baina ez Gaztedi, ez eta Goiherri ere ez ziren lehiatu, gaur selekzioen mailan eurak arituko baitira. Herenegun domina bana lortu zuten eta gaurko dominaren bat lortzeko itxaropena izan beharko da.

Suitzako selekzioa izango da aurkaririk zailena, eta kontuz ibili beharko da bai Irlandarekin, bai eta Ipar Irlandarekin ere, eta ezin ahaztu Herbehereak ere. Lau horien artean egon daitezke dominak, nahiz eta beti izaten den ezustekoren bat.

680koan ia ez da aukerarik ikusten, pisu astunetan euskal tiralariak ez dira behin ere ongi moldatu, eta 600eko mistoan itxaropenik bazegoen kluben mailakoan baina ez zuten ezer lortu. Orain selekzioen mailan ikusi beharko da zer gertatzen den. Orain arte gauzak primeran doaz, herenegun lortutako bi urrerekin.