SEP. 07 2015 Eskalada «El imperio contraataca», Ordesako bide gogorrakpuntu gorria jaso du Duela pare bat urte, Javi Buenok eta Manu Cordovak Pared Concavan marra berri hau zabaldu zuten. Joanden ekainean, berriz, eskalatzaileok era librean igo zuten. Bidearen giltza zortzigarren luzea da: 8a+. Andoni ARABAOLAZA Javi Buenok eta Manu Cordovak ondo baino hobeto ezagutzen dituzte Ordesako hormatzarrak. Makina bat marra eskalatzeaz gain, ekarpenak egiteko gogo handiz jarduten dute, eta dagoeneko beren sinadurak daramatzaten proposamenak horma horietan itsatsita daude. Aragoiko eskalatzaileon azkenengo ekarpena duela pare bat urte iritsi zen. Biek ala biek Pared Concava izeneko eremuan bide berria zabaldu zuten. Aitortu behar zaie bisita gutxi jasotzen dituen eremu batean jardun zutela, eta hori azpimarratzekoa da. Bada, horma hartan zirrikitu bat aurkitu zuten. «El imperio contraataca» izena jarri zioten. Guztira, 360 metro eta 9 luze. Iraila zen, eta bi protagonistok bat etorri ziren honakoa esatean: «Uste dugu zabaldu dugun marra hau Ordesako ikusgarrienetarikoa dela. Horretaz gain, gehitu behar dugu sortu genuen proposamen hau gogorra atera zaigula; izan ere, paretan gau bat pasatzera behartu gintuen. Eta hori egiten lehen aldia da. Bibaka egitea erabaki genuen, besteak beste, biharamunerako lanak gogorregiak ikusten zirelako. Bidearen amaiera zaila da, eta fresko jardun nahi genuen. Zazpigarren graduko hainbat luze ziren, eta beste bat, zortzigarren mailakoa». Bi eguneko lanaren ondoren, eskalatzaileok bederatzi luze zabaldu zituzten. Lehen zazpiak (6b, 7a+, 7a, 6b+, 7b+, 6c eta 7c+) era askean igo zituzten. Baina azken biak zintzilik utzi zituzten. Giltza: 8a+ Irakur daitekeen bezala, Buenok eta Cordovak ez zuten jardun guztia biribildu. Bi urte geroago biek ala biek bat egin dute, eta azken bi luze horiei puntu gorria jartzera abiatu ziren: «Ekainean joan ginen; oso gogotsu. Bide modernoa da, eta uste dugu haranean dauden bideen artean perla bat dela. Argi dugu probatu nahi duenari besaurreak bete-bete utziko dizkiola ere. Bederatzi luzeak, guztiak ala guztiak, apartak dira; abentura dute eta gozatzeko modukoak dira». Aurreko luzeak eginak zituztenez, bi protagonistok azken biekin buru-belarri jarri ziren. Eta di-da batean kateatu eta “El imperio contraataca” bide osoari puntu gorria jarri zioten. Zortzigarren luzea, marraren giltza dena, 8a+ gisa geratu da. Eta azkenari, bederatzigarrenari, 7a+ gradua jarri diote. Horretaz gain, bigarren luzea 7a+ mailatik 6c+ mailara pasatu dute; «uste dugu askoz ere egokiagoa dela». GOGORRA Duela bi urte, Javi Buenok eta Manu Cordovak Ordesan zabaldutako «El imperio contraataca» bideari joan den ekainean puntu gorria jarri zioten. Bidearen giltza zortzigarren luzea da: 8a+.