SEP. 14 2015 KOLABORAZIOA Ikusezintasunak ere erasotzen digu Maria Palacios eta Amaia Zubieta Steilas-eko Emakume Idazkaritza Emakumeak lan sektore guztietara sartu direla agerikoa den arren, zuzendaritza edota ardurako lanpostuetara sartzen direnak gu-txi dira. Estatistikek baieztatzen dute emakumezkoek gizonezkoek baino proportzio handiagoan aukeratzen dutela sektore publikoan lan egitea. Alde batetik, Administrazioan lan egiteko objektiboak diren parametroetan oinarritzen dira; oposizioak edota meritu parametroak, emakume eta gizonezkoen arteko berdintasuna bermaturik. Bestalde, lana eta familia bateratzeko erraztasun handiagoa dago, kontziliazio gehienetan emakumea arduratzen delarik. Aldiz, ezaguna den moduan, enpresa pribatuko lanpostuetan berdintasunean sartzea zailagoa da, are gehiago sektore zehatz batzuetan, zeintzuetan emakumezkoak gutxiengoa diren. Hezkuntza izan ohi da, eta gaur egun ere hala da, emakumezkoek lan egiteko babes sektorea. Nafarroako irakasleen artean, %70 baino gehiago emakumeak dira (azkeneko Eskola Kontseiluko datuen arabera), baina ikastetxeetako zuzendaritzan dauden emakumeen portzentajea izugarri txikiagotzen da. Hezkuntza Departamentuko erantzukizun gehien duten lanpostuak aztertzen baditugu, ikus dezakegu emakume bat bera ere ez dagoela. Kontseilari bat dugu, bi zuzendari nagusi, idazkari tekniko bat eta Nafarroako Eskola Kontseiluko mahaiburua, denak gizonezkoak. Hau guztia ez da berria; aurreko legealdietan panorama berdintsua izan da, salbuespen zehatz batekin, 2007-2011ko legealdian zuzendari nagusia eta Eskola kontseiluko mahaiburua emakumeak baitziren. Harrigarriena da emakumeek ikusezin izaten jarraitzen dutela «aldaketaren Gobernu» honetan. Nafarroako Gobernu berriaren aurkezpenean azpimarratu egin zen osaketa paritarioa egingo zela, baina antza denez, ildo hau ez da kontuan hartu departamentuak osatzeko unean. Honek agerian uzten du gaurko estereotipoak zein sakonak diren eta zein zaila den pentsaera eta boterearen erlazioak aldatzea. Zuzendaritza postuetan dagoen emakume gabezia azaltzeko, azken urteetan «kristalezko sabaia» kontzeptuaz hitz egiten da (arrazoi desberdinengatik emakumeek ardura handiko lanpostuetarako sarrera erago-tzita izatea), baina arrazoia hori da? Edota, behintzat, hori da arrazoi bakarra? Egoera anormal/ezohiko hori iraunarazteko aitzakia moduan erabil daiteke? Zentzuzkoa iruditzen zaigu Gobernuko kideek beren hurbileko lankide eta beraien konfiantzazko pertsonak izenda-tzea partekatzeko aurrera eraman nahi duten proiektuaren erantzukizuna. Baina zilegi da pertsona horiek hurrengo mailan egongo direnak izendatzea eta azken hauek ondoko mailetan berdin egitea? Gure sindikatuak Gobernua sustatzen duten alderdi politikoei lehentasunezko dekalogoa bidali zien, horiek programa egiterakoan kontuan izateko. Horietako asko programan jaso dira baina, tamalez, ez da kontuan hartu gure gomendioa, postuak izendatzean objektiboak eta gardenak izateko. Lanpostu horiek irizpide tekniko eta objektiboen arabera esleituko balira (merituak, proiektuak...) litekeena da emakumezko gehiago egotea. «Sistemaren inertziarekin» jarraituz gero, gehienbat gizonezkoak topatuko ditugu, gizonezkoek gizonezkoak hautatzen baitituzte. Tamalez, uda honetan, behin eta berriro izan dugu hilketa eta eraso sexisten berri. Instituzioen inplikazioa beharrezkoa da konponbidea lortu ahal izateko. Denak bat gatoz hezkuntza funtsezkoa dela esaten denean, emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortu ahal izateko. Hori horrela izan dadin, eta ez adierazpen «politikoki zuzena» soilik, baliabideak eta irakasleen formakuntza handia behar da. Hala ere, zaila izango da helburu hori lortzea, bereziki organigraman sartzea ahazten bazaie. Gainera, neskak diren ikasleek ereduak, erreferenteak, behar dituzte eguneroko alor guztietan, kiroletan, politikan... eta hezkuntzan, jakina. Horrelako egoera piramidala onartzeari uko egiten diogu, non emakumeak erantzukizuneko lanpostuetan baztertuak gauden, ikusezinak izanez, langile moduan eta batzuetan baita pertsona moduan ere. Nafarroako Gobernu berriaren aurkezpenean azpimarratu egin zen osaketa paritarioa egingo zela, baina antza denez, ildo hau ez da kontuan hartu departamentuak osatzeko unean. Honek agerian uzten du gaurko estereotipoak zein sakonak diren eta zein zaila den pentsaera eta botere erlazioak aldatzea