SEP. 18 2015 Krearen aldeko manifestua izenpetu dute Gasteizko hainbat kulturgilek GARA GASTEIZ Krearen atarian iazko abenduan egindako aldarrikapen ekintza baketsuagatik Kutxabankek Irantzu Lekueren aurka jarritako salaketa atzera botatzea erabaki ostean, Krea hiriko kulturgintzarako erabiltzeko eskaera egin dute Gasteizko 28 kulturgilek. #SOSKREA izeneko manifestuan, egitasmoa aurrera ateratzeko «aurrekontu arazoak» badaude ere «ezer ez egitea ez dela aukera bat» aldarrikatu dute eta, hala, Krearen inguruko hausnarketa «berri, demokratiko eta eraikitzailea» egiteko deia luzatu eta gai honen inguruko lantaldea osatzeko eskatu diote Udalari. Lantalde hori eraikinaren jabe legalak (Kutxabank), Arabako Aldundiak, Gasteizko Udalak eta hiriko kulturgileek osatuko lukete eta eraikinaren zein egitasmoaren egoerari konponbidea bilatzeaz batera, «hiriaren eta herrialdearen egoera kulturala aztertu eta hobetzeko egitasmo iraunkorra osatzea» litzateke helburua. Era berean, Gasteizen «sormena garatzeko leku fisiko baten irekiera» aldarrikatudute, eta manifestuarekin ados daudenei berau izenpetu dezatela ere eskatu diete, «egoera denon artean iraul dezagun». Sinatzaileen artean daude, besteak beste, Roberto Ercilla Kreako arkitektoa, Ruben Sanchez bertsolaria, Bingen Mendizabal musikaria, Alex Ruiz de Azua albokaria, Juan Ibarrondo idazlea, Alfredo Hernandez Zirika artista, Eloi Beato antzerkigilea, Txerra Boligana musikaria, Karen Warner artista eta Irantzu Lekue bera.