OCT. 03 2015 Harri-jasotzea Inhar Urruzuno izan daiteke Aimar Irigoien apur bat estutu lezakeen bakarra J.L. Lau harri-jasotzaile neurtuko dira bihar, 18.00etatik aurrera, Aiako probalekuan, eta bertan Euskal Herriko Harri Txikien finala jokatuko dute. Aimar Irigoien bertan da eta, dudarik gabe, bera izango da txapela lortzeko faborito nagusia. Gipuzkoarrarekin batera, Otaegi, Eizagirre eta Urruzuno lehiatuko dira. Bakoitzak 100 kiloko bola, 112,5eko kubikoa, 125eko zilindroa eta pisu bereko errektangularra erabili behar ditu, eta bakoitzarekin lanean aritzeko hiru minutuko txandak izango dituzte. Errezildarra da irabazteko faborito nagusia. Ezustekorik ez baldin bada, inork ez zaio gailenduko. Hori badaki bai berak bai gainerakoek. Hala ere, apur bat estutu lezakeena Inhar Urruzuno da. Bera da, gainera, egungo txapelduna, iaz ez baitzen Irigoien aritu. Bizkaitarra ahaleginduko da lan ona egiten, eta bigarren postu hori ziurtatzen, gero Aimarri ustekaberen bat emateko. Beste borroka Eizagirreren eta Otaegiren artean izango da. Iaz ere biak izan ziren txapelketan, eta ordukoan Otaegik 100 kilo pasatxoko aldea bakarrik atera zion, eta oraingoan ere dema polita izango da bien artean. Egun, asko dira harriak jasotzen ari direnak, baina lauk bakarrik eman dute finalerako izena.