OCT. 03 2015 Aizkora Nazabal buru dela jokatuko da Nafarroako finala Etxarrikoarekin batera, Iker Vicente, Jon Rekondo, Juanjo Lopez eta Ruben Saralegi ere lehiatuko dira bihar. Jon LEUNDA Nafarroako Lehen Mailako aizkolarien finala jokatuko da bihar Etxarri Aranatzen, 13.00etan. Bertan, orain dela bi aste Uharten jokatu zen kanporaketako bost aizkolari jardungo dira. Hiru gazte –bat, gainera oso gaztea– eta bi beterano izango dira aurrez aurre, eta beteranoena, Floren Nazabal, da irabazteko faboritoa. Etxarrikoa etxean arituko da, eta txapela lortzeko faborito nagusia da. Kanporaketa ere aise irabazi zuen, eta lana gehituko den arren, ez da beretzat kalterako izango, segur aski onerako baizik. Berarekin batera, Iker Vicente, Juanjo Lopez, Jon Rekondo eta Ruben Saralegi lehiatuko dira. Bakoitzak lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko ebaki beharko ditu, Euskal Herriko Lehen Mailako finalean izango dituztenak baino bi oinbiko gutxiago izango dituzte, horrela izaten baita herrialdetako lehiaketetan. Iker Vicente izan zen bigarren kanporaketan. 18 urterekin etorkizuneko txapelduna ikusten dute askok, baina jadanik onenen parean lehiatzen eta estutzen hasita dago. Lana dezentea da, eta zaleek ikusi nahi dute horrelako lan batean nola moldatzen den. Egiten duena egiten duela, adin horrekin final batean sartzea ez da txantxetako kontua, eta presiorik txikiena ere berak eraman beharko luke. Bizkaikoa Ez da izango asteburu honetan jokatuko den aizkolarien final bakarra. Gur eguerdian, 12.00etan, Algortako batzokiko zelaian, Bizkaiko Binakako finala jokatuko da eta hainbat izen berrirekin gainera. Tartean, utzita egon direnak ere itzuliko dira, eta hori, dudarik gabe, berri pozgarria da. Atutxa eta Larrea, Irazabal anaiak, Oregi eta Lekue, Bihurri aita-semeak, Aldape eta Basterretxea, Garcia eta Mendieta eta Txikon eta Intxausti izango dira lanean arituko diren aizkolariak. Berrien artean, Irazabal II.a agertzen da, bere anaiarekin arituko dena. Baita Bihurri II.a ere, bere aitaren babesean lehiatuko dena. Itzuliko direnen artean, Aldape dago, eta oraingo honetan Basterretxearekin jardungo da, hau ere berria. Trontzako promozio finala ere jokatuko da. Lau bikote arituko dira horretan.