GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora

Nazabal ez da arituko Euskal Herriko finalean eta Larrañagak ordezkatuko du


Floren Nazabalek ez du datorren astelehenean Basaurin jokatuko den Euskal Herriko Lehen Mailako finalean parte hartuko. Bertan izateko txartela lortuta zeukan, baina gerriko arazoekin dabil Etxarrikoa eta bertan izateari uko egin dio.

Haren ordez Mikel Larrañaga arituko da. Azpeitiarrak aurrenekoz parte hartuko du Euskal Herriko Lehen Mailakoan, eta finala jokatu ahal izango du. Berez, Rekondori egokitzen zitzaion han izatea, bera izan baitzen zazpigarren kanporaketan, baina Leitzakoa ez omen dago sasoi onean, eta hark ere uko egin dio. Hala, azpeitiarrak bere aurreneko aukera izango du. Finaleko gazteena ere bera izango da, 25 urterekin.

Floren Nazabalek bere azkeneko denboraldia du aizkoran, eta lan on bat eginda esan nahi zion Euskal Herriko Txapelketari, irabazteko ere faboritoen artean agertzen zen, baina nafarrak ez du berak nahi bezala agurtzerik izango. Orain, gainera, finalean ez da nafarrik arituko, askotan gertatzen ez bada ere, herrialde horrek ez du azken saioan aizkolaririk izango. Gipuzkoak izango du gehiengoa, bost aizkolari arituko baitira herrialde horretakoak Basaurin.