OCT. 09 2015 KOLABORAZIOA Eskola-baserrietatik alternatibak eraikiz A. Intzauzpe, U. Aranguren, A. Idigoras eta A. Perez EHNE-Bizkaia eta Steilas Pasa den irailaren 10ean, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Cristina Uriarte sailburua 2014-2015 ikasturtearen hasiera ekitaldian izan ziren, Euskal Herriko Unibertsitatean. Ekitaldiari hasiera emateko, Mercedes Renobales katedratikoak inaugurazio hitzaldi bat egin zuen. Hitzaldi magistralaren izenburua ezinago adierazgarria da: “Transgenikoak, zergatik ez?”. Hitzaldiaren ostean, UPV/EHUko errektore Iñaki Goirizelaiak eta lehendakariak berak hartu zuten hitza, eta bi-biek normaltasunez onartu zuten Renobalesen hitz hartzea, zeina ez baitzen, inondik ere, neutrala izan. Munduko biztanleen puska handi bat gose da, eta guk, bitartean janaria zaborretara botatzen dugu. Gure gizarteak gero eta argiago ikusten du zer-nolako arazoak sortzen dituen gaur egungo elikadura sistemak, ekoizpenak eta banaketak: osasun arazoak, elikadura eskandaluak, elikagaien banaketaren monopolioa nekazaritza elikagaien enpresa handien esku, kontsumo ohituren aldaketa, basoak soiltzea, biztanleen leku aldaketak, erailketak... Nahiz eta elikagai mordoa dauzkagun eskura, lurrarekiko harreman naturala gero eta urrunagokoa zaigu. Zenbaitek esaten dutenez, elikadura sistemaren gaur egungo garapena, industrializazioa eta espekulazioa oinarri, naturala eta ezin saihestuzkoa da, eta, are, aurreko sistema baino eraginkorragoa da. Hala ere, nekazaritza negozioaren sistemak energia pila bat inbertitzen du elikagaiak ekoizten, eta gero ez du inbertitu adina energia bueltan jasotzen. Planetaren ikuspegitik, ez da hain jasangarria, eta transgenikoen kontua ere istorio horren beraren pasarte berri bat da. Aitzitik, gero eta ugariagoa den iritzi korronte batek bestelako elikadura eredu bat aldarrikatzen du, nekazarien laborantza, nekazaritza ekoizpen ekologikoa eta elikadura burujabetza oinarri (ekoitzi eta kontsumitu nahi duguna erabakitzeko eskubidea). Abiapuntua zera da, elikadura burujabetza sustatuz, pertsonen eskubideak ere sustatzen direla. Edonola ere, herritar kontziente hauek horma ikusezin batekin egiten dute topo. Elikadura enpresek diseinatu dute gaur egungo sistema; gauzatu, ordea, enpresa horien mendeko diren gobernuek gauzatu dute, ez baitiote ate birakarien sistemari ihes egiten. Administrazioak hainbat arau, gidalerro eta lege harilkatzen joan dira (administrazio anitz eta ugariak baitira, baina NDF Nazioarteko Diru Funtsaren aginduak jarraitzeko gertu baitaude), ekoizpen eredu bat lehenesteko eta beste eredu bat zigortzeko asmoz. Gaur egun, salbuespen bakan batzuk egon arren, nekazaritza negozioan oinarritutako eredu arkaikoen arabera hezten ditu euskal hezkuntza sistemak gure etorkizuneko baserritarrak. Ez ditu pertsona autonomoak nahi, beren lanaz harro daudenak eta sozialki boteretuak. Aditu dugunaren arabera, argi dago zer ereduren alde egiten duen apustu EAJk, hain zuzen, eredu neoliberalaren alde. Garbi islatzen da hori Heziberri proiektuan: hezkuntza sistema merkantilizatu baterako bidean goaz, zeinak ez baitu ez gaitasunik ez borondaterik izango eredu aldaketa bat sortzeko behar dugun hezkuntza emateko. Enpresa pribatuek bultzatzen dituzte unibertsitateko ikerketa lan gehienak, eta, jakina, enpresa horiei interesatzen zaizkien alorrak aztertzen dituzte ikertzaileek: normalean, ez dira elikadura burujabetza eta nekazaritza ekologikoa izaten. Aurrerapenak egiten dira, aldiz, zenbait irakaslek ekimen pertsonalak jartzen dituztelako martxan, beren aisialdian eta beren baliabideekin. Tokiko ekoizpen ekologikoaren aldeko administrazio kanpainek ez dute arrakastarik izaten, ez baitira benetako apustu bat, baizik eta gizartearen presioaren aurrean itxurei eusteko ahalegin bat. Keinu horiek sinetsiko ditugu, baldin eta politika erreal eta eraginkorren eskutik badatoz, hezkuntza- eta nekazaritza-ereduak aldatzeko asmoz. Baina zer besterik etor zitekeen, bada, eredu izan beharko liratekeen horiengandik, beraiek ezarri badute euskal eskola publikoan gaur egun indarrean den catering-zerbitzua? Orain dela ez asko, zenbait eskolak gertutasunean oinarritutako jantoki eredua zuten: beren sukalde propioa zeukaten, eta hori hornitzeko denda txikietara jotzen zuten, eta denda txiki horiek, aldi berean, tokiko baserritarrengana. Orain elikadura ohitura berriak txertatu dira, kontzentrazioa hobesten da eta oztopoak ipintzen zaizkie proiektu alternatiboei. Aldarrikatzen dugun eraldaketa soziala eskola jantokietatik harago doa. Pertsona kritikoak hezi nahi ditugu, beren elikaduraren eta osasunaren erantzukizuna beren gain hartzen duten kontsumitzaile arduratsuak, beren elkartasunezko irizpideekiko koherenteak. Garaiko produktuak, elikagai ekologikoak eta gertukoak, tokiko kontsumoa lehenetsiz, kritikoa eta arduratsua, bidezko merkataritza... Horrexegatik, oinarrizkoa da ikasleen hezkuntzan kontzeptu horiek guztiak txertatzea. ELGAk, PISAk eta Europa 2020 estrategiek, zeintzuetan oinarritzen baitira gaur egungo Hezkuntza Sailaren hezkuntza planak, ez digute horrelakorik emango. Sinesten dugu Euskal Herri batean zeinean baserritarrek elikagaiak ekoitziko baitituzte nekazaritza eredu osasungarri eta lurrari lotutako baten bidez. Zoritxarrez, EHU/UPVko irekiera ekitaldiko saioaren gaia desegokia izan zen, eta, ez hori bakarrik, ustez bultzatzen dituen helburuen aurkakoa ere bai. Berriro ere, gure instituzio eta ordezkariek ez dute dagokien moduan jardun, gizarteak behin eta berriro zalantzan jarritako ereduen aldeko apustua egin baitute. Aldarrikatzen dugun eraldaketa soziala eskola jantokietatik harago doa. Pertsona kritikoak hezi nahi ditugu