OCT. 12 2015 Eskalada Groenlandiako Mirror Wall-igoi mailako bide bat gehitu diote Joe Mohle, Matt Pickles, Matt Pycroft, Waldo Etherington eta Leo Houlding britainiarrek paretaren ipar-mendebaldeko aurpegiaren lehen igoera egin dute. «Reflections» du izena, eta honako zailtasunak ditu: E6, 6b, (VI, 5.12b) eta A3+. 25 luzetik 23 era askean egin dituzte. Andoni ARABAOLAZA Joan den uztailean, Leo Houlding britainiarra buru zuen espedizioak goi mailako jarduera burutu zuen Groenlandiako Mirror Wall-en. Joe Mohle, Matt Pickles, Matt Pycroft eta Waldo Etherington kideekin batera hormatzar horren pareta nagusiko, hots, ipar-mendebaldeko aurpegiaren lehen igoera sinatu du. Han marraztutako bideari “Reflections” deitu diote. 12 egun paretan zintzilikatuta igaro ondoren, 25 luze (1.200 m) zabaldu zituzten. Eta honako zailtasunekin egin zuten topo: E6, 6b, (VI, 5.12b) eta A3+. Aipatu beharra dago luze horietatik guztietatik 23 era askean eskalatu zituztela. Houldingek eta enparauek eginiko jardueraren aurkezpena besterik ez da. Mirror Wall Groleandiako ekialdean dago, eta hango paretetan adituak direnek diote uhartean dauden big wallen artean esanguratsuena dela. Batetik, zentzu guztietatik begiratuta kalitate handikoa delako. Eta bestetik, logistika aldetik erronka handia delako. Hori guztia esanda, espedizioaren buruak berak honako hau gehitu nahi izan du: «Eskalatu dugun hormatzarra granitozko murru leun ederra da, Kapitaineko “Dawn Wall” baino garaiagoa, eta Artikoko basamortu basatian kokatuta dago. Ez da batere erraza izan. Eskalada alde batera utzita, kontuan hartu behar da helikopteroak Edward Bailey glaziarrean uzten zaituela. Kanpaleku nagusia atondu eta paretara heltzeko glaziarrean bide seguruena bilatu behar duzu. Ingurumari hartan komunikazioak apenas dauden. Eta hori guztia gutxi izango balitz, denetarik sufritu dugu: janaria lapurtu digute, kide bat artesi batean erori zen, ekaitz gogorrek astindu gaituzte, ni izan ezik gainerakoak gaixorik egon dira... Eta, gainera, eskalatu dugun bidea espero baino zailagoa izan da». Hormatzarraren oinarrira iritsi bezain laster, lehen hiru egunetan soka finkoak jarri zituzten. Ondoren, paretan sartu eta 12 egun igaro zituzten. Uztailaren 24an “Reflections” bidea bukatu eta ziztu bizian jaitsi behar izan zuten; izan ere, 28an, astean behin Islandiara abiatzen hegaldia hartu behar zuten. Aipatu dugun bezala, eskalatzaileok Mirror Wall-eko ipar-mendebaldeko aurpegian lehen bidea zabaldu dute. 2012. urtean espedizio suitzar batek bi marra sortu zituen, baina pareta nagusi horretatik kanpo. Bat, hormaren eskuinean, “Ledgeway to Heaven” (7b+, A1, 45º, 1.200 m) 10 eguneko jardunean. Eta bestea, “Midnight Solarium” (7b, 45°, 1.100 m) estilo alpinoan eta paretaren ezkerreko ertzean kokatuta dagoena. Bi bide horiek kontuan hartuta, Houldingek argi zuen bere erronka nondik bideratu nahi zuen: «Suitzarrek bide agerikoenak eskalatu zituzten. Guk, berriz, paretaren erdi-erditik marra bat aurkitu eta igo nahi genuen. Azkenean, zailtasun handiko sekzioak gainditu behar izan genituen. Tarte batzuk oso teknikoak ziren, baina arroka oso txarrean. Horrek guztiak geure erritmoa mantsotu zuen. Estrategikoki nahiko soila da, baina taktikoki oso nahasia. Nagusientzat ‘haur parke’ bat bezalakoa izan da: morrenatik senderismoa egiten, glaziarreko artesietan salto egiten, kanpaleku bat atontzen, eskalatzen... Ez dago araurik, ezta arbitrorik ere. Eta zu zeu bakarrik zaude; zer edo zer gaizki ateraz gero, inork ezin dizu lagundu. Erabat harritu nau orain arte pareta nagusi horrek igoerarik ez izateak. Benetako abentura izan da, kutsadura gabekoa eta ‘hardcore’ purua». Ia era askean Espedizioaren buruak azaldu duenez, Groenlandiako hormatzar horretan eskalatu ahal izateko, planifikazioak erabateko garrantzia du: «Jarduerak arrakasta izan dezan hainbat faktorek bat egin behar dute: une egokia aprobetxatu behar duzu, sasoiko egon, behar duzun tresneriak han behar du egon, une erabakigarrian urratsa egin behar duzu eta, jakina, zorteak ere berebiziko garrantzia du. Horregatik guztiagatik, egoera ezberdin guztiak ondo baino hobeto aztertu behar dituzu eta pronto egon, iritsiko diren oztopo guztiei aurre egiteko. Eite horiek guztiak kontuan hartu behar dituzu, eta horietako batek arrakasta eta porrotaren artean erabaki dezake. Operazio guztia mantsoa eta pisutsua da, eta ingurumaria ez da batere erakargarria: ez dago zuhaitzik, ezta zuhaixkarik ere. Bost astean hiru txori soilik ikusi genituen. Hara iritsi ginenean elur asko zegoen, baina segituan urtzen zen. Eta horrek aldaketa dramatikoa zekarren: elur-jausiak, serac-en kolapsoak... Baina apurka-apurka ere, egoera horrekin ohitu eta eroso sentitzera iritsi ginen». Houldingek aipatu duenez, baldintza gogorretan eskalatu zuten; alabaina, gai izan zirela oztopo guztiak gainditzeko: «Paretara hurbiltzeko bidean elur asko eta hezearekin egin genuen topo. Matt Pycroft, adibidez, artesi batean hiru metrora erori zen. Elurra gerriraino iristen zen; uste dut ingurumari horretan aurten elurteen errekorra izan dutela. Harrigarria bada ere, lehen bi asteetan eguraldi bikaina baino bikainagoa izan zen: eguzkitsua, egonkorra eta lainorik zein haizerik gabe. Baina ilusio bat besterik ez zen izan; izan ere, ekaitz batek gordintasun osoz harrapatu gintuen. Ondoren, eguraldia erabat desegonkorra bihurtu zen: hotz handia, elurra, txingorra... Arropa askorekin eskalatzera behartu gintuen, baina, ere berean, motibazio handiarekin». Eskaladari dagokionez, Houldigek azpimarratu nahi izan du goi mailako luzeak gainditu zituztela: «Erlaitz zein artesi batzuetan arroka nahiko puskatuta zegoen. Baina beste sekzio batzuetan kalitate handiko granitoan eskalatu genuen. Beste tarteren batean kuartzoarekin egin genuen topo. 20 metro izango ziren, eta kristala zirudien. Inoiz ez dut horrelakorik ikusi. Glaziarra nahiko arriskutsua zegoen, baina, hainbat elur eta arroka jausi sufritu bagenuen ere, gure bidea nahiko segurua izan zen. ‘Bedouin Camp’ (260 m) izeneko tartean primeran pasatu nuen era askean eta bistan eskalatzen. Gainera, metro horiek paraboltik jarri gabe gainditu nituen. Eta erabat gozatu nuen ere A3+ graduko luzean. Sei ordu behar izan nituen hura eskalatzeko, eta luze horretan ere ez nuen paraboltik jarri. Oro har, eroriko batzuk izan genituen, baina eskalada zailena nahiko segurua zen. Artifizialeko luzeak gogorrak ziren eta material asko eskatzen zuen. Hala eta guztiz ere, ez zen oso arriskutsua. Guztira, progresiorako 11 parabolt eta iltze jarri genituen. Bileretan zein hamakan antolatzeko, berriz, 30». Espediziokideek uztailaren 22an burutu zuten xedea: «Goizaldeko 4:20an gure lanak bukatutzat eman genituen. Ez zen batere erraza izan, azken orduak elurrezko ekaitz baten barruan igaro baikenituen. Gainera, helikopteroa hartzeko azkar jaitsi beharra genuen. Justu-justu iritsi ginen hura hartzera, eta asko poztu nintzen nire lagunak etxera onik itzuli zirelako. Eskaladaren hainbat unetan gaixorik egon ziren, baina zuten motibaziori esker, egoera horiek gainditu zituzten». ZAILA Proposamen berria 1.200 metro luze da eta zailtasun tekniko handiak ditu. Houlding-ek A3+ graduko luzean ez zuen paraboltik erabili. 25 LUZE Bi luze izan ezik, gainerakoak era askean igo zituzten. Eskalada ia osoa baldintza gogorretan egin zuten: hotza, elurra, ekaitzak... «REFLECTIONS» Leo Houlding buru zuen espedizio britainiar batek Groenlandiako Mirror Wall-eko ipar-mendebaldeko lehen igoera egin du.