OCT. 12 2015 Hamabi estreinaldi izango ditu Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdiak Urriaren 21ean hasi eta azaroaren 1era bitarte luzatuko da aurten Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdia (BAD). Jada ohikoak diren BilbaoArte, La Merced, Errekalde, La Fundicion, Muelle 3, Bilborock eta Garabia Zwap aretoetan izango da. Nazioarteko eta Euskal Herriko sortzaileen presentzia garrantzitsua izango da, orotara hamabi estreinaldirekin. GARA BILBO Euskal sorkuntza berriak eta nazioarteko konpainien presentzia elementu nagusi izango dira aurten Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdiaren (BAD) edizio berrian. Urriaren 21etik azaroaren 1era egingo den hitzorduak hamabi estreinaldi izango ditu, horietatik zortzi erabateko estreinaldiak, eta jaialdiaren lau koprodukzio beste jaialdi eta konpainiekin elkarlanean egingo dira. Proposamenen artean nazioarteko hainbat artista aurki daitezke, Federico Leon argentinarra, Ana Borralhok eta Joao Galantek osatzen duten Casabranca konpainia portugaldarra edo Cecilia Bengolea eta François Chaignaud. Horiez gain, lehen aldiz, nazioartean oihartzun handia duen Matxalen Bilbaok dantza garaikide pieza bat (“L´autre”) estreinatuko du BADen. Jaialdiaren aurtengo programazioak dituen ezaugarrien artean azpimarragarria da euskal sorkuntza berriaren barruan sar daitezkeen konpainien presentzia. Euren azken lanak aurkeztuko dituzte ikus-entzuleen aurrean, batzuetan Estatu frantseseko, Portugalgo edo Kataluniako sortzaileekin elkarlanean. Horrela, Beatriz Setienen “Bombon coreografico”, Idurre Azkueren “Bailar por bailar” eta Erretekeren “Erbeste” erabateko estreinaldiak izango dira. Programazio eszenikoa urriaren 22an hasiko da La Fundicion eta La Merced agertokietan, bi euskal konpainiarekin, hain zuzen: Coletivo Qualquerren “Gag” dantza ikuskizuna, Euskal Herrian bizi den Luciana Chieregati brasildarrak interpretatutakoa eta dantza eta antzerkia uztartzen dituen Natxo Monetro dantzari eta koreografo bilbotarraren “Barbecho” proposamena. Euskal zigilua duten proposamenen artean, azpimarragarriak dira baita ere Xabier Mendigurenen testua duen “Amodioaren ziega” lana, duela denbora gutxi sortu den Lauka Teatroa konpainiak eskainiko duen antzezlana –hilaren 24an, La Merceden–. BAD 2015eko egitarauak erabateko beste bi estreinaldi interesgarri ere jasotzen ditu, ibilbide luzea duten Maria Muñoz-Mal eta Pelo eta Niño de Leche konpainien eta Patricia Caballeroren eskutik. Lehenbizikoek flamenkoaren eragina duen musika eta dantza uztartzen dituen “Siete lunas” azken ikuskizuna aurkeztuko dute –urriak 23, La Merced–. Patricia Caballerori dagokionez, gorputzari eta kontzientziari buruzko jardunbideen eta azterlanen aurreko interesa erakusten du gorputzaren bitartez. “Barrunto”, bere azken lana, urriaren 31n eramango du Bilbora. Berrikuntza gisa, BADek umeei eta gazteei zuzendutako hiru lan aurkeztuko ditu lehen aldiz aurtengo edizioan. Profesionalei zuzendutako espazioak ere izango dira. HAUR ETA GAZTE Lehen aldiz BAD jaialdiak haur eta gazteei zuzendutako ikuskizunak eskainiko ditu. «La naturaleza y su temblor» lana aurkeztuko du Idoia Zabaleta arabarrak, eta Macarena Ruedak «Collage» eramango du Bilbora. SALNEURRIA Ikuskizun guztiek 10 euroko prezioa izango dute txarteldegian erostean eta 8 euro aurretiko salmentan erosten badira. Bonobad erosteko aukera ere egongo da, 3 ikuskizun 20 euroren truke, edo 10 emanaldi 50 eurogatik.